Osasun-larrialdian gertatu zen bezala, Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala Euskal Administrazio Publikoaren esku jarri da, lagungarri izan daitekeen guztirako
Sareen Sareatik lankidetza eskaini diogu berriro Eusko Jaurlaritzari, Ukrainako krisi humanitarioak eragindako gizarte-premia guztietan, Iñigo Urkullu lehendakariari eta Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari bidalitako bi gutunen bidez.
Pandemiak duela bi urte eragindako salbuespenezko egoera hori gainditzeko lanean ari garenean, nazioarteko beste larrialdi batean sartzen ari gara, kasu honetan Europaren bihotzean gertatutako gerra batek eragindakoa. Osasun-larrialdian egin genuen bezala, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialak Jaurlaritzaren esanetara jartzen gara une honetan baliagarri izan daitekeen guztirako. Izan ere, momentu honetan, ukrainar errefuxiatuen krisia da punturik agerikoena, baina gerrak ere eragin handia izango du euskal ekonomian eta gizartean. Berriz ere, egoera hori gainditzeko laguntza emateko unea da.
Dagoeneko, erakundeen eta hirugarren sektore sozialeko sare eta erakunde batzuen arteko lankidetza aktibatu da. Lehenik eta behin, errefuxiatuei eta familiei eman beharreko arretari aurre egiteko, hori baita orain premiarik handiena. Hori dela eta, gure eskaintza berretsi diogu Jaurlaritzari, krisi-testuinguru iraunkor honetan, elkarrekin lan egiten jarraitzeko gizarteratzearen, laneratzearen, hezkuntzaren eta sortzen diren beste behar guztiei erantzuteko, eskura ditugun lankidetza eremu guztietan.