Adikzioak Artatzeko Euskadiko Sarea
Sareen Sareak,azken Ezohiko Batzar Nagusian onartu du UNAD Euskadi sare kide berri gisa sartzea. Sare berriaren izenean, Salvia Hierro eta Felix Sarasua UNAD Euskadiko presidentea eta presidenteordea izan dira. Atxikipena aho batez onartu da, eta adikzioen eremuan espezializatutako sare bat batzearen garrantzia nabarmendu da.
UNAD Euskadi Adikzioak Artatzeko Sarearen sarrerarekin, gero eta anitzagoa eta espezializatuagoa den sektore baten erreferentziazko agente gisa egiten dugun lana sendotu du eta, dagoeneko, 18 sare osatzen dugu Sareen Sarea. Ilusio handiarekin ongi-etorria eman diogu kide berriari eta bere sarrerak Hirugarren Sektore Sozialaren eraikuntza partekatua indartzerako duen potentziala nabarmendu nahi dugu.
UNAD Euskadi: adikzioen artatze integrala
UNAD Euskadik adikzioak dituzten pertsonen eta haien familien prebentzioan, arretan eta laguntzan lan egiten duten 15 erakunde biltzen ditu. Urtero, sare horrek mendekotasun-arazoak dituzten 4.000 pertsona baino gehiago eta 800 familia inguru artatzen ditu, 500 profesional baino gehiagoren laguntzarekin eta gizarte-eragileekin eta administrazio publikoekin lankidetzan. Gainera, 35.000 adingabe eta nerabe eta 34.000 familia baino gehiagori mesede egiten dieten prebentzio-ekimenak garatzen ditu Euskadin.
UNAD Euskadik eredu biopsikosozialean oinarrituta egiten du, adikzioak dituzten pertsonentzako arreta integrala eta pertsonalizatua bermatuz, gizarte eta osasun sistemen arteko ibilbide koordinatuak sustatuz bizi-kalitatea hobetzeko.
Sareak 102 arreta-baliabide ditu Euskadin, besteak beste, eguneko zentroak, komunitate terapeutikoak eta esku-hartze komunitarioko programak, lurralde bakoitzaren beharretara egokituta.
Salvia Hierro, UNAD Euskadiko presidentea: “Sareen Sarean sartzea aukera bat da helburu partekatuetan aurrera egiteko eta Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala indartuko duten eraikuntza-espazioak sortzeko“.
Salvia Hierro, UNAD Euskadiko presidentea, izango da sarearen ordezkaria Sareen Sareko Zuzendaritza Batzordean. Batzarrean, Hierrok aro berri honekiko duen gogoa adierazi du, eta sare-lanean esperientzia emateko eta ahaleginak batzeko konpromisoa azpimarratu du. Ildo horretan, UNAD Euskadiko presidenteak nabarmendu du Sareen Sarean sartzea aukera bat dela helburu partekatuetan aurrera egiteko, hala nola Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala indartuko duten baterako eraikuntza-espazioak sortzeko.