Txostenak sektorearen erronkak aztertzen ditu modu sakonean eta gaurkotuan

Joan den maiatzaren 28an Donostiako Kursaalean aurkeztu zen Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren 2024ko Liburu Zuria, gure sektorearen egoera modu sakonean aztertzen duen txostena: ezaugarriak, ekarpenak eta etorkizuneko erronken inguruko hausnarketarekin. Aurkezpenean Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak eta Itziar de la Peña Hirugarren Sektore Soziala Sustatzeko zuzendariak hartu zuten parte.

Txostena Eusko Jaurlaritzaren organoa den Hirugarren Sektore Sozialaren Euskal Behatokiak egin du. Sareen Sareak eta EHSSko sareek azterlan horretan parte hartu dute, eztabaida-taldeen eta beste dinamika kualitatibo batzuen bidez garatzen lagundu baitute.

EHSSren erronken diagnostikoa

Lau urtean behin argitaratzen den Liburu Zuria, funtsezko tresna da EHSSren askotariko errealitatea ezagutzeko eta ikusarazteko. Izan ere, EHSS 4.200 erakundek baino gehiagok osatzen dute, ia 170.000 boluntarioren eta ordaindutako 45.000 profesionalen parte-hartzea bideratzen dutelarik. Oro har, erakunde horiek 2.000 milioi eurotik gorako bolumen ekonomikoa kudeatu zuten 2022an, EAEko BPGaren % 2,4.

Diagnostiko kuantitatiboaz gain, sektorearen egungo erronkei buruzko hausnarketa kolektiboa ere jasotzen du txostenak; besteak beste, iraunkortasun ekonomikoa, eraldaketa digitala, barneko parte-hartze demokratikoaren hobekuntza eta sektoreen arteko harremanen sendotzea. Azterlanak, halaber, erakundeen izaera komunitarioa, inklusiboa eta eraldatzailea azpimarratzen du, bai eta gizarte justuago, kohesionatuago eta solidarioago baten eraikuntzan duen funtsezko eginkizuna ere.

Txostena osorik irakur dezakezu hemen