Kataluniako Hirugarren Sektore Sozialeko Taula d’entitatsen eta Sareen Sarearen artean azken hamar urteotan egituratzen ari den aliantzaren esparruan, Kataluniako gure homologoaren ekimenez, bi lan-jardunaldi egin dira Bilbon, honako gai hauek ardatz hartuta: hirugarren sektore sozialaren inpaktu soziala, nazioarteko eragina, digitalizazioa eta finantzaketa- eta jasangarritasun-mekanismoak.

Jardunaldi teknikoa: finantzaketa, gobernantza eta gizarte-politikak

Bisita asteartean, hilaren 21ean, hasi zen, bi sareen arteko lan teknikorako gunearekin. Bertan, lehen mailako erakundeentzako eta bigarren eta hirugarren mailako sare eta federazioentzako hirugarren sektore sozialaren finantzaketa-mekanismo ezberdinak jorratu ziren: konkurrentziako dirulaguntzak, zuzeneko dirulaguntzak, hitzarmenak, itunak edo kontratuak.

Era berean, hirugarren sektore sozialaren finantzaketa-eredu orokorrari eta gizarte-zerbitzuak hornitzeko ereduari buruzko gogoetak partekatu ziren (erantzukizun publikokoak zein gizarte-zerbitzu eta -prestazioen zorroan sartuta ez daudenak). Administrazioen pisua eta baliabideen egonkortasun-maila, deialdien aurrerapena eta aurreikusgarritasuna, administrazio-karga, justifikazio-irizpideak eta ordainketa-epeak ere aztertu ziren, bai eta erakundeen kudeaketan duten eragina eta altxortegiko tentsioak ere.

Beste bloke batean, gizarte-politikei buruzkoan, honako gai hauek aztertu ziren: gutxieneko errentak eta eguneratze-mekanismoak, pobrezia eta etxegabetasuna, etxebizitza-politikak eta hirugarren sektorearen ekarpena, mendekotasunarekin lotutako jardunbide egokiak, edo gizarte- eta osasun-integrazioari, eta gizarte-zerbitzuei lotutako jardunbide egokiak, ezohiko erregularizazioa eta migratzaileen harrera, eta gorroto-diskurtsoak.

Azkenik, hirugarren sektore sozialaren legeak eta bi lurraldeetako elkarrizketa zibilaren garapena, berrikuntzarako eta indartzeko estrategiak (berrikuntza digitala barne), sektorearen artikulazioa eta nazioz haraindiko eragina Europako esparruan eta Europako politikek gure erkidegoetan duten eragina aztertu ziren.

Digitalizazio arloko jardunbide egokia

Laneko lehen jardunaldia amaitzeko, Bilboko SSI Taldearen instalazioak bisitatu zituzten. Kataluniatik etorritako teknikariek zuzenean ezagutu ahal izan zituzten esku-hartze sozialeko eta pertsonei laguntzeko zenbait eredu, gizarte-sektorearen digitalizazioan izandako aurrerapenei lotutakoak, eta, aldi berean, gogoeta egin zuten tresna teknologikoek baliabideen kudeaketa eta esku-hartzea hobetzeko bidean betetzen duten zereginari buruz.

Bisitan, egoitza Gipuzkoan duen Aptes teknologia sozialeko sareak ere parte hartu zuen, gizarte arloko berrikuntzaren eta digitalizazioaren inguruko esperientziak trukatzea erraztuz.

DO Impact-en Local Event: inpaktua lortzeko aliantzak ehuntzen

Bigarren jardunaldia BBK Kunaren instalazioetan egin zen, DO Impact tokiko ekitaldiaren barruan, “Tejiendo alianzas para aumentar el impacto: herramientas, saberes y posibilidades entre Cataluña y Euskadi” (inpaktua handitzeko aliantzak ehuntzen: Kataluniaren eta Euskadiren arteko tresnak, ezagutzak eta aukerak) izenburupean.

Hala, Kataluniako Taulak Euskadira ekarri zuen toki mailako bere bosgarren ekitaldia, bi sare eta lurraldeen arteko aliantza sendotzen jarraitzeko. Topaketak Taula eta Sareen Sareko sare eta federazioetako berrogeita hamar arduradun eta profesional baino gehiago bildu zituen.

Jardunaldian, hirugarren gizarte-sektoreko inpaktuaren ikuspegia landu zen, eta ebaluazioan, datuen kudeaketan eta federazioen arteko ikaskuntza partekatuan jarri zen arreta, DO Impacten egindako esperientzietatik abiatuta.

Programari hasiera emateko, Jessica Celda Taulako presidenteordeak, eta Celia Gómez Sareen Sareko lehendakariak ongietorri instituzionala eman zuten.

Ondoren, berrikuntzari eta gizarte-inpaktuari lotutako lan-tresnak partekatu ziren, hala nola Taularen Comunitat d’Impacte (Taula eta Tàndem Social) diagnostiko-tresna eta Sareen Sareak eta Euskalitek sustatutako kudeaketan GJHak txertatzeko autoebaluazio-tresna.

Topaketan, gainera, Kataluniak eta Euskadik inpaktuaren ebaluazio eta kudeaketaren arloan dituzten esperientziak trukatzeko tartea ere izan da, COHABITAC, EHLABE, FCVS, Gizatea, FEDAIA eta Zabaltzen Sarturen partaidetzarekin.

Ondoren, benetako eraldaketa tresna gisa duen eraginari buruzko mahai-ingurua egin zen, Mikel Barturen (Sareen Sarea), Jessica Celda (Taula) eta Fernando Fantova (Besaldi) hizlari zirela, eta Sergio Rodriguezek (Taula) moderatuta.

Galderetarako tartea izan ondoren, Taulako zuzendariak, Roger Civitek, eta Sareen Sareko koordinatzaileak, Mikel Barturenek, bi eguneko topaketari amaiera eman zioten.

Sareen arteko lankidetzarako gunea

Jardunaldi horiei esker, lurraldeen arteko trukea indartu da, esperientziak partekatu dira eta ikuspegi komunak garatu dira finantzaketaren, gizarte-berrikuntzaren eta hirugarren sektoreko inpaktuaren neurketaren inguruan.

Sareen Sareak balio handia ematen dio hirugarren gizarte-sektoreko sareen arteko lankidetza-espazio horien garrantziari, aukera ematen baitute ezagutza partekatua sortzeko, erronka komunak identifikatzeko eta sektoreak gizarte-kohesioan duen zeregina indartzeko.