2025eko ekainetik, Sareen Sarea Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailarekin eta Alokabiderekin elkarlanean ari da etxebizitza-politikak hobetzeko, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren (EHSS) parte-hartze aktiboa sustatuz. Hitzarmena sinatu ondoren (2025ean hasi zen lankidetza hori), bi topaketa egin ziren EHSSrekin. Bilera horietan, 18 urtetik gorako kolektibo zaurgarrien bizileku-beharrak identifikatu eta esku-hartze sozialarekin lotutako jardunbide egokiak mapeatu ziren, errealitate horiek bizitzen ari zirenen ahotsak zuzenean entzungo zirela bermatuz.

Martxoaren 11n egin zen hirugarren eta azken topaketa, haurren eta nerabeen parte-hartzean oinarrituta. 13 eta 17 urte bitarteko nerabeen talde batek etxebizitzaren erronkari buruz zituzten pertzepzioak adierazi zituzten, haien iritziak entzuteko diseinatutako gunean. Denis Itxaso, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburua; Patricia Val, Alokabideko zuzendari nagusia; Leire Álvarez de Eulate, Alokabideko Gizarte Laguntzako Unitateko zuzendaria; eta Sareen Sareko ordezkariak izan ziren saioan, eta politika publikoen eraikuntzan haurrak eta nerabeak zuzenbidezko subjektu gisa aitortzearen garrantzia azpimarratu zuten, Haurren eta Nerabeen Euskadiko Legean islatuta dagoen bezala.
Ekimen horrek etxebizitza-politika gizatiarragoak, inklusiboagoak eta komunitatean benetako eragina dutenak eraikitzearen alde Sareen Sareak eta Eusko Jaurlaritzak partekatutako konpromisoa indartu zuen. Haurrek eta nerabeek bizitegi-politikak diseinatzen eta aztertzen modu aktiboan izandako parte-hartzeak agerian utzi zuen erakundeen, Hirugarren Sektore Sozialaren eta eragindako pertsonen arteko lankidetza lagungarria dela espazioak eraldatzeko eta komunitate kohesionatuagoak, parte-hartzaileagoak eta bidezkoagoak sortzeko.