Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen (EGAB) ordezkaritzak 2025eko Memoria Sozioekonomikoa eman die Imanol Pradales Lehendakariari eta Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeriari. Dokumentu horrek Euskadiren bilakaera ekonomiko eta soziala aztertzen du, eta euskal gizarteak aurrean dituen erronka nagusiak jasotzen ditu.
Mikel Barturenek, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren ordezkari gisa EGABeko kontseilaria denak, hartu du parte topaketa instituzional horietan izan den ordezkaritzan. Sareen Sareak EGABen duen presentziari esker, Hirugarren Sektore Sozialaren ikuspegia, esperientzia eta ezagutza txertatu daitezke Euskadiko errealitate ekonomiko eta sozialaren azterketa partekatuan.
2025eko Memoria Sozioekonomikoak Euskadiko egoeraren erradiografia zabala eskaintzen du, iturri ofizialetan oinarrituta, eta EGAB osatzen duten eragile ekonomiko eta sozialek adostutako gogoetak jasotzen ditu.
Horren bidez, 2025eko ekitaldiko adierazle sozial eta ekonomiko nagusiak aztertzen dira. Ondorioen arabera, datuak oro har positiboak izan arren, ziurgabetasun geopolitikoak eragindako tentsioak eta oraindik ere indarrean dauden erronkak agerian uzten dituzte.
Ildo horretan, azpimarratu dute ezinbestekoa dela trantsizio digitala, energetikoa eta demografikoa planifikatzea, denboran ondo dimentsionatutako politika integralak garatuz, inor atzean edo bazterrean gera ez dadin. Trantsizio horiei modu egokian heltzeak azken urteetako bilakaera positiboari eta hazkundeari eusten lagunduko dio, eta horrek euskal gizarte osoari ekarriko dizkio onurak.
Bizi-baldintzak, inklusioa eta gizarte-kohesioa
Bizi-baldintzei dagokienez, Memoriak AROPE tasa zertxobait hobetu dela egiaztatzen du: 2025ean % 14,7koa izan zen eta, aurreko urtekoa, aldiz, % 14,8koa. Hala ere, txostenak adierazten du gizarteratzean eragina duten faktoreei arreta jartzen jarraitu beharra dagoela, bereziki lan-intentsitate oso txikia duten pertsonen kopurua handitzen ari delako.
EGABek lehentasunezko esparrutzat jotzen ditu atzerritar jatorriko biztanleen egoera, etxebizitza-mailako bazterketa, familien beharrak eta kontziliazioa. Horren harira, Memoriak azpimarratzen du garrantzitsua dela harrera- eta integrazio-politikak indartzea, etxebizitza eskuratzeko zailtasunei erantzuteko neurriak garatzen jarraitzea eta familiei laguntzera bideratutako politika publikoak sendotzea.
Txostenak, gainera, Diru-sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Euskal Sistemaren garrantzia nabarmentzen du; izan ere, sistema horrek Euskadiko pobrezia heren bat baino gehiago murrizten laguntzen du. Aldi berean, gizarte-babeseko sistema indartzen jarraitzeko beharra azpimarratzen du.
Beste behin, etxebizitza da euskal herritarren kezka nagusietako bat eta politika publikoetatik erantzunak eskatzen dituen erronka estrukturaletako bat.
Sareen Sarearen ustez, funtsezkoa da Hirugarren Sektore Sozialak EGAB bezalako elkarrizketa- eta partaidetza-esparruetan parte hartzea, bere ezagutza eta esperientzia soziala eskainiz gizarte-kohesioa, ekitatea eta herritarren ongizatea indartuko dituzten erantzun partekatuak eraikitzeko.
Hemen kontsulta daiteke EGABen 2025eko Memoria Sozioekonomikoa





