Hitzarmenaren helburua da Sareen Sareko erakundeei banku-produktuak eta -zerbitzuak ematea
Fiare Banku Etikoak eta Sareen Sareak lankidetza-hitzarmena sinatu dute, Sareen Sareko erakundeei banku-produktuak eta -zerbitzuak emateko.
Hitzarmenaren hartzaileak ehunka erakunde izango dira, eta balio berak, hala nola lankidetza, elkartasuna eta inklusioa, dituzten erakundeen arteko harremanean beste urrats bat egitea ekarriko du berekin.
Hitzarmen horren bidez, gizarteratzearen arloko zenbait erakunde motari finantzaketa lortzeko aukera eman nahi zaie, banku tradizionalaz harago beste finantza-aliatu baten bila badabiltza. Hitzarmenak zenbait gairen inguruko akordioak jasotzen ditu, besteak beste, zirkulatzailearen, fakturen aurrerakinen eta diru-laguntzen ingurukoak, bai eta aseguruak ere. Halaber, lehentasunezko baldintzak bermatzen dizkie sareko erakunde bazkideei.
Horrenbestez, erakundeen arteko elkarrenganako aitortza bat da, eta finantza etikoen lankidetza-erakundeak banku- eta finantza-zerbitzuak emateko egin duen beste urrats bat.
Fiare Banku Etikoak enpresei, kooperatibei, elkarteei eta lan-sozietateei ematen dizkie zerbitzuak, besteak beste, eta hitzarmen horren bidez, zenbait antolakuntzaren zerbitzura jarriko du bere esperientzia. Izan ere, antolakuntza horiek, beren premien berri duen eta beren balioekin lan egiten duen banku baten laguntzaz, gizartean eta ingurumenean eragin positiboa sortuz beren erakundea garatu nahi dute.
Sareen Sarea
Sareen Sarea 15 sarez osatuta dago eta, horiek, era berean, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko 3.500 erakunde baino gehiagoren ordezkari dira. Euskal Administrazio Publikoetako ordezkariekin, alderdi politikoekin eta beste gizarte-eragile batzuekin harremanak handitzeko egiten du lan etengabe, Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala ordezkatzeko eta gizarte-eragile guztiekin elkarrizketatzeko misioaren baitan baitago.
Hirugarren sektoreko erakundeekin hitzarmenak
Fiare Banku Etikoa lankidetza-hitzarmenak sinatzeko estrategia garatzen ari da bere balio berak dituzten bigarren eta hirugarren mailako erakundeekin, gertuko harreman estrategikoak sendotzeko, prozesuak eta tarifa bereziak eskainiz. Azken seihilekoan REAS, FAECTA, CEPES, Ecovalia eta CAISekin sinatu ditu hitzarmenak.
2018an, Fiare Banku Etikoak 10 milioi eurorekin finantzatu zituen gizartean eta ingurumenean inpaktu handia duten enpresak. Zenbateko horren % 70 gizarteratzearen, laneratzearen, etxebizitzaren, kulturaren eta hezkuntzaren esparruetan inbertitu da. Gizarteratzeren eta laneratzearen esparrua da oraindik finantzaketa gehien eskatzen duena. Hala ere, energia berriztagarriekin eta ingurumen-jasangarritasunarekin lotutako gero eta erakunde gehiagok egin nahi dute lan bankuarekin.