Batzar Nagusiek eskatu dute deialdia ahalik eta lasterren egiteko
Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak, urriaren 18an egindako azken bileran onartu egin du Bizkaiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaia (EZM) formalizatu eta arautzen duen dekretua.
Horrela izanik, Aldundiaren eta hirugarren gizarte sektorearen arteko elkarrizketa eta kooperaziorako organo hori martxan jartzen duen lehenengo lurralde historikoa da Bizkaia. Lurraldeetako elkarrizketa zibilerako mahaiak eratzea Euskadiko Hirugarren Gizarte Sektoreko Legean jasota dago, Eusko Legebiltzarrak maiatzean onartua. Gaur egun Euskadiko EZM soilik ari da funtzionatzen.
Bizkaiko EZMren buru Unai Rementeria ahaldun nagusia arituko da, eta hirugarren gizarte sektoreko sareek eta Gizarte Ekintza, Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun arloetako Foru sailetako arduradunek osatuko dute.
Dekretu arautzailea onartu eta hurrengo egunean, Batzar Nagusien osoko bilkurak politikari guztiek adostutako testu bat eman du ontzat, Gizarte Ekintza sailari eskatuz Mahaia biltzeko deialdia “ahalik eta arinen” egin dezan, lanerako plan propioa lantzeko
Testuaren amaieran zera esan dute: “Batzar Nagusi hauek berretsi egin nahi dute ekimen honen baliagarritasuna eta organo horri eskatu nahi diote gizarte esku-hartze arloko ekimenak eta politika sozialak bideratu, ebaluatu eta sustatzeko ekimenak garatzeko”.