Sareen Sarea 2030 Agenda Euskadi Foroaren VIII. Osoko Bilkuran izan da

Donostiako Miramongo Parke Teknologikoan atzo ospatu zen 2030 Agenda Euskadi Foroaren Osoko Bilkura, erakunde, gizarte-eragile eta ezagutzaren munduko ordezkarien arteko lankidetzarako gunea, garapen jasangarri eta inklusibo baterantz aurrera egiteko helburuarekin.

Bilera horretan Gizarte Berrikuntzarako eta 2030 Agendako 2025-2028 Plana onartu zen, Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) lotutako ikuspegi parte-hartzaile eta eraldatzaile batetik datozen urteetako jarduna gidatuko duen ibilbide-orria alegia. Planak herritarren partaidetza aktiboa, lankidetzazko-gobernantza eta kultura demokratiko sendoa sustatzea du helburu.

Imanol Pradales Lehendakariak nabarmendu zuenez, “demokrazia sendoa, osasuntsua eta kalitatezkoa ezinbestekoa” da herri gisa eta ongizatean aurrera egiteko, eta, era berean, komunitatea eta konpromiso zibikoa indartzeko beharra azpimarratu zuen. Plan berria 2024-2028 Gobernu Programarekin eta demokrazia sendotzea helburu duen estrategia europarrarekin bat dator, “pertsonak erdigunean jarriko dituen ongizate-eredu jasangarri eta inklusibo baten aldeko apustua eginez”.

Sareen Sarearen izenean, erakundeko presidenteordea Pablo Moratallak eta koordinazio arloko Elena Blancok hartu dute parte. Plan berriaz gain, jardunaldian Luis Miller soziologoak polarizazio politikoaren arriskuei buruzko hitzaldia eman du, eta dinamika parte-hartzaile bat ere izan da, funtsezko lau ardatzen inguruan: berrikuntza kudeaketa publikoan, herritarren ahalduntzea, eraldaketa digitala eta informazioa, eta belaunaldi berriak eta kultura demokratikoa.

Hirugarren Sektore Soziala eta lankidetzazko-gobernantza

Sareen Sareak, Foroaren baitan egindako ibilbidean, lankidetzazko-gobernantzaren eta Hirugarren Sektore Sozialaren papera indartzearen beharra defendatu du, politika publikoen koherentzia handiagoa eta zeharkako ikuspegia sustatuz, baita Elkarrizketa Zibilerako Mahaia bezalako espazioak indartuz ere. Ikuspegi horrek, lankidetzazko-gobernantza demokrazia sendotzeko funtsezko tresna gisa ulertzen du, partaidetza aktiboa, herritarren ahalduntzea eta gizarte kohesionatuago bat sustatzeko ikuspegiarekin.

Argazkiak: Irekia

Informazio gehiago Irekiaren webgunean

Bideoa ikusi