Azken asteotan, aurrerapauso garrantzitsuak eman dira arlo soziosanitarioan. Koordinaziorako eta lankidetzarako guneak sortu dira, gero eta konplexuagoak diren erronkei erantzuteko, hala nola biztanleriaren zahartzeari, kronikotasunari, mendekotasun-egoerei edo osasun mentalarekin eta gizarte-bazterketarekin lotutako behar berriei. Testuinguru horretan, inplikatutako erakunde eta eragileek lanean jarraitzen dute arreta-eredu integratuagoa, koordinatuagoa eta pertsonengan zentratua sendotzeko.
Mugarri garrantzitsuenetako bat Euskadin gobernantza soziosanitarioa hobetzeko ekimen berriak abian jartzea izan da. Euskadiko Osasun Itunaren esparruan, Arreta Soziosanitarioko Zuzendaritzak Gobernantza Soziosanitarioko Talde Eragilea sortzea bultzatu du. Talde horrek sistema soziosanitarioa osatzen duten eragileen arteko koordinazio-egiturak berrikusi eta sendotzeko lan egingo du. Sareen Sareak prozesu horretan parte hartuko du, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko sareen ikuspegia eta esperientzia eskainiz.
Era berean, aurrerapauso esanguratsua eman da Euskadiko Hirugarren Sektorearen Foro Soziosanitarioa sortuta. Foro horrek hirugarren sektore sozialak Euskadiko sistema soziosanitarioaren garapenean egiten duen ekarpena indartzea ahalbidetuko du, eta elkarrizketa, parte-hartzea eta lankidetza bultzatzeko gune egonkorra izango da. Helburuen artean daude, besteak beste, sortzen ari diren erronkak identifikatzea, partekatutako ezagutza sortzea, eragileen arteko koordinazioa bultzatzea eta politika publiko soziosanitarioak hobetzeko proposamenak egitea. Sareen Sareak Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko sareen ordezkaritza koordinatuko du lankidetzarako gune berri horretan.
Aldi berean, Alta Soziosanitarioko Lantaldea lanean hasi da. Gune tekniko horren helburua da osasun- eta gizarte-sistemen arteko koordinazioa hobetzea, pertsonen arretan funtsezkoak diren uneetan. Ekainaren 11n eta irailaren 24an egindako bileren ondoren, taldeak aurrera egin du «Euskadin alta soziosanitarioa planifikatzeko proposamen teknikoa» eta «Ospitaleko altari buruzko protokolo soziosanitarioaren proposamena» dokumentuak lantzen. Bi dokumentuen helburua da arretaren jarraitutasuna indartzea eta inplikatutako baliabideen arteko erantzun koordinatuagoa erraztea.
Aurrerapen horiek guztiek agerian uzten dute garrantzitsua dela administrazio publikoen, osasun-sistemen, gizarte-zerbitzuen eta Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko sareen arteko lankidetza indartzen jarraitzea. Sareen Sareak gune horietan modu aktiboan parte hartzen jarraituko du, Euskadiko pertsonen eta komunitateen beharretara egokitutako sistema soziosanitario eraginkorragoa eta hurbilagoa eraikitzen lagunduz.


