Sareen Sarea agente eragilea da partaidetzako berrikuntza-gune honetan
Urtarrilaren 17an iLab – Euskadiko Partaidetzarako Berrikuntza Gunearen 1. Foro Irekia egin da. Sareen Sarea iLabeko Agente Eragilea da eta bertan parte hartu dugu. Pertsona eta erakundeei zuzendutako lehen topaketa ireki honetan, orain arte egindako lana ezagutaraztea eta Proiektu Esperimentalen Deialdira aurkeztu nahi duten ekimenei kontrastea eta laguntza eskaintzea nahi izan du iLabek.
Foroaren lehen zatian, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak laborategirako duen ikuspegi estrategikoa aurkeztu du, haren ezarpenean egindako aurrerapenak nabarmenduz eta Euskadiko Partaidetzaren arloko Berrikuntzaren Mapan arreta jarriz. Partaidetza ekimen berritzaileen gordailu horrek tokiko hainbat ekimen eta ekintza biltzen ditu, ikusgarritasuna emateko eta parte hartzeko modu berriak inspiratzeko. Gainera, Talde Eragile berria aurkeztu da, iLabeko erabaki estrategikoetan parte hartzen duten Euskadiko hainbat eragilek osatua.
Topaketaren bigarren zatian, lankidetza-gune bat ireki da euren ekimenak Proiektu Esperimentalen Deialdira aurkezteko interesa duten pertsona edo erakundeentzat, ideiak eztabaidatu, zalantzak argitu eta proposamenak hobetu ditzaten iLabaren sarearen laguntzarekin.
Agente eragilea
Sareen Sareak onartu egin du iLabek agente eragile gisa proiektuan parte hartzeko egindako gonbidapena. Eragile horiek funtsezko figurak dira proiektuan, eta iLaben garapena eta kudeaketa bultzatzeko erantzukizuna dute. Eragileak hautatzeko, hainbat irizpide hartu dira kontuan, hala nola parte-hartzean aldez aurretik izandako esperientzia eta berrikuntzarekiko konpromisoa. Agente eragile gisa, zeregin aktiboa izango dugu erabaki estrategikoak hartzeko, iLab hainbat forotan ordezkatzeko eta ekimen berritzaileak sustatzeko. Ildo horretan, gune honetan parte hartzearen garrantzia nabarmendu nahi dugu, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialean parte-hartzearen arloan ematen ari diren esperientzia berritzaileak sustatze aldera.