Sareen Sarea Euskadiko OGP organoan parte hartzen du
Maiatzaren 29an, asteartea, Euskadiko OGPren Foro Erregularra eratu da, 2018-2020rako gobernu irekiaren ekintza-plana sortzeko prozesurako.
Bileran proiektuaren sustatzaile diren zortzi erakunde eta entitateetako ordezkariak izan dira (Eusko Jaurlaritza, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru-aldundiak eta Bilbo, Donostia eta Gasteizko udalak, bai eta Innobasque eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziaren laguntzaz eginiko autohautaketa prozesuaren ondoriozko herritarren 7 ordezkariak: Mestiza elkartea, Bilboko Emakume Kontseilua, Euskadiko Gazteriaren Kontseilua, Sareen Sarea, Gasteiz udalerriko Kontseilak, Osoigo plataforma eta Alberto Ortiz de Zárate gobernu irekiaren eremuko profesional gisa. Ezin izan da bertaratu, baina Foro Erregularreko partaide izango da, EUDEL, gainerako udalen ordezkaritzan.
Foro horren lehen eginkizuna gobernamendu-eredua onestea izan da, OGPren (Open Government Partnership – Gobernu Irekirako Aliantza) fundazio-adierazpenean jasotako printzipioekin bat etorriz. Bileran, halaber, baterako lana egin da eta erakunde sustatzaileek hasierako hautagaitza aurkezteko prozesuan eginiko diagnostikoari buruz herritarren ordezkarien taldeak egindako ekarpenak jaso dira.
Halaber, gardentasunaren, open dataren, kontu emateen (politika publikoen ebaluazioa barne), herritarren partaidetza-lankidetzaren, integritatearen, kultura digitalaren, kudeaketa publiko aurreratuaren eta herritarren arreta-zerbitzuen arloan erakunde sustatzaileek egindako ekimen nagusiak eta erronka nagusiak aztertu dira.
Foro erregularra izango da konpromisoen lehen zirriborroa prestatzeko arduraduna; konpromiso horiek prozesuan foro irekiarekin partekatuko zaizkie ekintza-plana sortzen parte hartzeko interesa duten gainerako elkarte eta herritarrei, eta behar besteko maiztasunez batuko da, parte-hartzean oinarritutako prestaketa-prozesu hori sustatzeko.
Konpromisoak identifikatu ondoren, 2018-2020rako Euskadirako gobernu irekiaren ekintza-plana sortuko da, haren ezarpena kontrolatuko da eta haren urteko ebaluazioan parte hartuko da.
Dokumentazio guztia Irekia webgunean publikatzen da. Esteka honetan proposamenak egin ditzake. Bitartean, Gobernu Irekiko webgune propioa diseinatzen ari da.