Eusko Jaurlaritzaren eta Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren arteko elkarrizketa-prozesua martxan dago
Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko sareek alegazioak aurkeztu dizkiote Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren Lege Aurreproiektuari. Txostena uztailaren 16an aurkeztu da, Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaiaren (EEZM) azken bileran hain zuzen, Lan eta Enplegu Sailak arauaren aurreproiektuaren testuari buruzko nahitaezko txostena prestatzeko egindako eskaera betez.
Joan den ekainaren 23an, EEZMren bilera bat egin zen eta, bertan, Alfonso Gurpegui Enplegu eta Gizarteratze sailburuordeak lege-aurreproiektua aurkeztu zien mahaia osatzen duten erakundeei. Bilera horretan, Diru-sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Batzorde Mistoa aktibatzea adostu zen eta EEZMren ezohiko bilera deitu uztailaren 16rako. Batzorde mistoa uztailaren 6an bildu ondoren, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko sareek alegazioak aurkeztu dizkiote testuari eta EEZMk txostena onartu du.
Elkarrizketa irekia
Eusko Jaurlaritzaren eta Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren arteko elkarrizketa-prozesua jadanik zabalik eta martxan dago: bai EEZMren baitan, bai Diru-sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Batzorde Mistoaren bidez eta Elkarrizketa Mahaia ez den beste espazio batzuen bidez, hala nola Gizarteratzeko Euskal Kontseiluaren bidez.
Sareen Sarearen ustez, Administrazio Publikoaren eta Hirugarren Sektore Sozialaren arteko koordinaziorako, lankidetzarako eta lan partekaturako espazio horiek funtsezko lana egiten dute gizartearentzat.