Eusko Legebiltzarrak adierazpen instituzionala onartu du alderdi politiko guztien batasunarekin EUSKADIKO HIRUGARREN SEKTORE SOZIALA aitortzeko, Sareen Sareak eskatuta. Duela zehazki urtebete onartu zuen Legebiltzarrak Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Legea eta, harekin bat eginda, oroitzapenezko ekitaldia burutu baino egun bat lehenago agertu diote babesa gure sektoreari. EHSSaren Legea ere batasun eta adostasun handiz onartu zen.
Adierazpen honen bitartez, Eusko Legebiltzarrak premiatu egiten ditu Eusko Jaurlaritza eta foru zein toki administrazioak elkarrizketa-bideak aktibatu eta finkatu ditzaten, eta Hirugarren Sektore Sozialarekiko beharrezko lankidetza abian jar dezaten Elkarrizketa Zibilaren esparruan.
Era berean, premiatu egin ditu Eusko Jaurlaritza eta foru zein toki administrazioak Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren sustapena eta sendotzea bultza dezaten, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialari buruzko 6/2016 Legea betez, Euskadiko gizarte-sarea, parte-hartze soziala eta elkartasun antolatua sendotze aldera.
Eta, azkenik, animatu egin ditu herritarrak, Euskadiko auzo, herri eta hirietan barreiatutako Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeekiko atxikipena, babesa eta parte-hartzea areagotu dezaten.