Euskadin hainbat kolektibo gizarteratzearen arloan boluntario eta profesional gisa hiru hamarkadetatik gora egindako lanari aitortza
Aurtengo Sareen Saria Thomas Holdbrook-i, Asumdwe Nkabon Euskadiko ghanarren elkartearen sortzaileari, emango diogu. Sareen Sareko Zuzendaritza Batzordeak saria ematea erabaki du, hainbat kolektiboren gizarteratzearen arloan boluntario eta profesional gisa egindako hiru hamarkadatik gorako ibilbideagatik.
Sareen Sariak Euskadi solidarioagoa, kohesionatuagoa eta inklusiboagoa eraikitzen lagundu duten pertsonen ibilbidea aintzatestea du helburu. Sari banaketa maiatzaren 12an egingo da, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Eguna ospatzeko Donostian egingo den ekitaldian.
Thomas Holdbrook 1959an jaio zen Sikonden, Ghana hegoaldean, eta premia larririk gabeko haurtzaro zoriontsua izan zuen. Europarako bidean itsasontzi batean sartu ondoren, Bartzelonara iritsi zen. Han drogekin arazoak izaten hasi zen: sistemak eskubide oinarrizkoenak alde batera uzten zizkion eta lagunduko zion babes emozionaleko sarerik gabe ikusi zuen bere burua. 1981ean Bilbora joan zen, eta han Ghanako komunitatearen zati batek harrera egin zion.
Bere bizitzako garai zail horretan, norabidea aldatzea erabaki zuen, zaurgarritasun eta gizarte-bazterketa egoeran zeuden beste pertsona batzuei laguntzeko helburuarekin. Boluntario lanetan hasi zen Bilbo Etxeazabalen eta horri esker Hirugarren Sektore Sozialeko jende zoragarria ezagutzeko aukera izan zuen. Bere bizi esperientziari esker, espetxean zeuden pertsonei jarraipena egin, lagundu, gutunak bidali eta sortzen ziren behar guztiei erantzuten saiatu zen. Ondoren, Bidesari Kartzela Pastoraltzan lan egin zuen, gizarte hezitzaile lez.
Ondorengo hamarkadetan, Thomasek bere lanarekin eta konpromisoarekin hainbat gizarte-erakundek laguntzen jarraitu du, hala nola T4 elkartea eta Bizkaiko Hiesaren aurkako Batzordeak. Bere ibilbideko momentu goren horretan, ASUMDWE NKABON Euskadiko Ghanarren Elkartea sortu zuen, Euskadira iristen ziren ghanatarrei harrera eta laguntza emateko.
Gaur egun, Euskadiko ghanar komunitatearen bihotza da, erakunde desberdinekin lankidetzan arituz, ghanatarren inklusioa sustatuz eta giza eskubideen aitortzan, aniztasunean eta justizian oinarritutako gizartea eraikiz. Urteak igaro ahala, gogor ari da lanean komunitateko liderren belaunaldi-erreleboa sustatzeko, ondare horrekin jarrai dezan. Amets horren ondorioz AKWABA ghanatarren elkarte berria sortu da, eta Ghanako Elkarteen Estatuko Federazioaren koordinazioaz arduratzen da.