Agerpena Eusko Legebiltzarrean

Nerea Melgosa sailburuak agerraldia egin du irailaren 20an Eusko Legebiltzarreko Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Batzordean, bere sailak XIII. Legegintzaldi honetan garatuko duen programa aurkezteko. Melgosak Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren garrantzia azpimarratu du bere hitzaldian, egungo eta etorkizuneko erronka sozialei aurre egiteko funtsezko eragile gisa. Bere hitzaldian, sailburuak aintzatespena adierazi die gizarte-ekimeneko pertsona, elkarte, fundazio eta kooperatibei, “beren lanarekin eta konpromisoarekin sektore hori egituratzen lagundu baitute, Euskadiko gizarte-kohesiorako funtsezko aktibo gisa”.

Era berean, sailburuak Sareen Sarearen zeregin estrategikoa nabarmendu du EHSSren sare biltzaile gisa, aurten hamar urteko ibilbidea betetzen dituena. Bestalde, Nerea Melgosak iragarri du Eusko Jaurlaritzak Hirugarren Sektore Sozialaren Legearen eta EHSS Sustatzeko Estrategiaren hedapen osoa bultzatuko duela.

EHSSren balio erantsia

Melgosak azpimarratu du erantzukidetasun-eredu bat sustatu behar dela, instituzioek, gizarte-erakundeek, familiek, komunitateek eta elkarri laguntzeko sareek parte har dezaten. “Erantzukizun publikoko zerbitzuen kudeaketa ezin da soilik zuzena izan, Hirugarren Sektore Sozialeko lankidetza publiko-sozialaren balio erantsia giltzarri baita esku-hartze sozialaren eremuko erantzukizun publikoko sistemen kudeaketan”, adierazi du.

Bestalde, sailburuak iragarri du bere sailak indartu egingo duela Elkarrizketa Zibilaren aldeko apustua, gobernu-ekintzaren ardatz nagusia baita. Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaiaren bitartez, Hirugarren Sektore Sozialeko batzorde eta sareekin lan egiten jarraituko da politika publikoen jarraipena eta ebaluazioa garatzeko, EHSSren ikuspegia eta ezagutza aditua txertatuz. “Lankidetza publiko sozialeko proiektu berritzaileak aktibatuko dira, eta Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaiaren batzordeek parte hartuko dute horien diseinuan, jarraipenean eta ebaluazioan. Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeen sare zabalek ere parte hartuko dute proiektu horien garapenean”, azaldu du.

Informazio gehiago Irekiaren webgunean.