Unibertsitateko mikrokredentzialei buruzko jardunaldia

Lanean ari gara

albiste hau irakurketa errazan idazteko.

Barkatu eragozpenak.

Irailean, unibertsitateko mikrokredentzialei buruz EHUk antolatutako jardunaldian parte hartu genuen. Bertan, mundu akademikoko eta enpresako ordezkariekin batera, etengabeko prestakuntzaren garrantziaz eta etorkizuneko erronka sozioekonomikoen aurrean prestakuntza-eskaerei erantzuteko sinergiak sortzeko beharraz eztabaidatu genuen.

Bertan, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren (EHSS) heterogeneotasuna eta dinamismoa nabarmendu zituen Begoña Besada Sareen Sareko ordezkariak. Gure sektorea  etengabe egokitzen da gizarte-aldaketetara eta arreta jaso behar duten pertsonen beharrizan berrietara, hor da bere ezaugarri nabarmenetako bat. EHSSn bi estrategia nagusi daude batera bere prestakuntza-mapan: estrategia proaktiboa, etengabeko prestakuntzan oinarritua eta erakundeen ikuspegi estrategikoarekin lerrokatua, plangintza sistematikoan eta beharren etengabeko detekzioan oinarritzen dena; eta estrategia erreaktiboa, banakako prestakuntza-eskaerei puntualki erantzuten diena, premia horiek identifikatzean alborapenak sortzeko arriskuarekin.

Era berean, sektorea osatzen duten lanbide-profilen prestakuntza-premia espezifikoak azaldu ditu, bai kudeaketaren eta administrazioaren arloan, zeharkako gaitasunak behar baitira, bai finantza-kudeaketa edo proiektuen kudeaketa, bai zuzeneko arretaren arloan, arau-esparru berrietara egokitzea eta esku-hartzean trebetasunak garatzea oso garrantzitsuak baitira.

Unibertsitatearekin lankidetzan aritzeko erronkak eta aukerak

Sareen Saretik hainbat erronka identifikatzen ditugu, hala nola, prestakuntza-eskaintzaren saturazioa eta eduki modularren arteko koherentziaren beharra. Gainera, Hirugarren Sektore Sozialaren eta Unibertsitatearen arteko lankidetza estrategikoaren garrantzia nabarmentzen dugu, gizarte eta prestakuntza erronka nagusiei erantzuteko funtsezko tresna baita.

Zentzu horretan, erakunde sozialen eta unibertsitatearen artean aliantza estrategikoak bultzatzea proposatzen dugu, ezagutza partekatua sortzeko eta espezializazioa sustatzeko hainbat arlotan, hala nola eraginaren neurketan, gizarte-itzuleraren kuantifikazioan edo arrisku psikosozialen azterketan. Unibertsitatea-Gizartea-Enpresa Gelak sortzea eta sektorearen beharretara egokitutako graduak eta mikrokredentzialak diseinatzen laguntzea dira Sareen Saretik lankidetza hori indartzeko funtsezkotzat jotzen ditugun egiturazko tresnetako batzuk.

Unibertsitateko mikrokredentzialak aukera bat izan daitezke makro-erronka sozialei aurre egiteko, gizarte-erakundeei etengabeko aldaketa sozioekonomikoei egokitzen zaien prestakuntza espezializatua eta iraupen laburrekoa emanez. Sareen Saretik unibertsitateekin eta beste eragile batzuekin lankidetzan jarraitzeko apustua egiten dugu, EHSSko enplegagarritasuna eta prestakuntza hobetzeko bidean aurrera egiteko.