Eragile Anitzeko Foroaren VII. Osoko Bilkuran parte hartu dugu
Azaroaren 28an, Gizarte Trantsiziorako eta 2030 Agendaren Eragile Anitzeko Foroaren VII. osoko bilkuran parte hartu dugu, Miñaoko Parke Teknologikoan (Araba). Imanol Pradales lehendakariaren lehen osoko bilkura izan da. Foro hori Euskadiko 2030 Agendaren gobernantza partekatuko organo nagusia da, eta euskal erakunde publikoak eta gizarte-eragileak biltzen ditu, horien artean Sareen Sarea, Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala (EHSS) ordezkatuz. Osoko Bilkuran 2030 Agendarako funtsezkoak diren gaiak jorratu dira, hala nola demokrazia inklusiboa indartzea, herritarren parte-hartzea eta 2024-2028 aldirako Gizarte Berrikuntzarako Planaren hasiera.
Sareen Sarearen hitzaldia
Pablo Moratallak, Sareen Sareko presidenteordeak, foroan parte hartu du elkarrizketa zibilak eta lankidetza publiko-sozialak Euskadiko gobernantzarako funtsezko tresna gisa duten garrantzia nabarmentzeko. Bere adierazpenean honako hau azpimarratu du: “Beharrezkoa da Eusko Jaurlaritzak EHSSrekin duen lankidetzaren zeharkakotasuna bultzatzea eta Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaia (EEZM) eta haren funtzionamendu-dinamika indartzea”.
Pablo Moratalla, Sareen Sareko presidenteordea: “Elkarrizketa Zibilaren sustapena eta erakundeen arteko lankidetza funtsezkoak dira gizarte bidezkoagoa eta inklusiboagoa eraikitzeko”.
Gizarte bidezkoagoa eta inklusiboagoa eraikitzeko, Elkarrizketa Zibila sustatzea eta erakundeen arteko lankidetza indartzea funtsezkoa dela adierazi du Sareen Sareko presidenteordeak. Gainera, maila anitzeko eta kalitatezko gobernantza ahalbidetuko duten ibilbide-orri parte-hartzaileak egituratzeko beharra adierazi du. Halaber, Moratallak nabarmendu du garrantzitsua dela berrikuntza sozial, politiko eta publikoaren ikuspegitik lan egitea gure garaiko erronkei aurre egiteko.
Lehendakariaren adierazpena
Bileraren amaieran, Lehendakariak 2030 Agenda Euskadi Foroaren Presidentziaren zazpigarren Adierazpena aurkeztu du, “2030 Agendaren esparruan demokrazia indartzea“.
Lehendakariak, hasteko, demokrazia indartzearen eta demokrazia hori 2030 Agendaren esparruan egungo erronketara egokitzearen garrantzia azpimarratu du. Izan ere, “mundu modernoa abiadura bizian aldatzen eta garatzen ari da, eta guztia global eta gero eta lotuagoa dagoenez, gure gizartearen arazoak geroz eta konplexuagoak, lausoagoak, zehaztugabekoak eta, kasu batzuetan, kontrajarriagoak bilakatzen ari dira. Funtsezkoa da ikuspegi holistiko eta bateratu batetik heltzea”.
Halaber, herritarren parte-hartze aktiboa sustatzeko beharra azpimarratu du: “Administrazio publikoek gizartearen inplikazioa behar dute. Herritarren parte-hartzea eta deliberazioa funtsezkoak izango dira gure gizartea garatzeko eta lankidetza-gobernantza oinarritutako kultura demokratiko irmoa sendotzeko“.