Sareen Sareak Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren proposamenak eta irizpenak plazaratzen ditu Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean
Urte hasierak jarduera handiarekin jarraitzen du Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean. Sareen Sareak Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren ordezkari gisa parte hartzen du bertan eta Mikel Barturenek, sareen sarearen koordinatzaileak, Gizarte Garapenerako eta Memoria Sozioekonomikoko batzordeetan parte hartzen du, kontsulta-organo horren osoko bilkurez gain.
Urtarrilean bi irizpen oso garrantzitsu eman dira, eta Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko sareek ekarpen esanguratsuak egin ahal izan dizkiete. Ildo horretan, urtarrilaren 16an, Seme-alabak dituzten familientzako laguntzen Dekretu-proiektuari buruzko irizpena eman da. Hirugarren Sektore Sozialak adierazi du pozik dagoela Dekretu honek ekarriko duen hobekuntzarekin, nahiz eta laguntza horiek familia guztientzat orokortzeko irizpideak falta diren. Bigarren irizpena urtarrilaren 31n eman zen, eta Lankidetzaren eta Elkartasunaren Euskal Legearen aurreproiektuarekin du zerikusia. Gure sektorearen onespena duen arau bat hobetzeko gogoetak jasotzen ditu irizpenak.
2023ko lehen hilabete honetan landutakoaz gain, joan den udazkena ere intentsitate handiko aldia izan da Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean Hirugarren Sektore Sozialarentzat. Irailean, “Haur eta Nerabeen Legearen Aurreproiektuari” buruzko irizpena eman zen, eta 100 proposamen baino gehiago egin genizkion, gehienak onartuak. Urrian, halaber, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko Erakundeen Errolda sortu eta horren funtzionamendua arautzen duen dekretu-proiektuari buruzko irizpena eman zen. Irizpenak sektorearen proposamenak jaso zituen, eta dekretu-proiektuak izapidetzen jarraitzen du.
Azaroan bi irizpen eman ziren: bata, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman itun sozialaren eta hitzarmenen araubidea arautzen dituen Dekretu-proiektuari buruzkoa, eta bestea, Enpleguaren Euskal Legearen aurreproiektuari buruzkoa. Azken horri dagokionez, Sareen Sareak alegazioak aurkeztu ditu desgaitasuna duten edo kalteberatasun-egoeran dauden pertsonak gizarteratzeari eta laneratzeari buruz.
Azkenik, Gizarte Garapenerako Batzordeak ere lan egin du Hezkuntza Legearen aurreproiektuari buruz, baina oraindik ez da horri buruzko irizpenik eman. Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialari dagokionez, segregaziorik eza eta ikasle guztientzako aukera-berdintasuna bermatzeko defentsari eutsi zaio.
Memoria Sozioekonomikoaren Batzordeari dagokionez, etxebizitzaren eta enpleguaren kapituluetan sektoreak egindako ekarpenak nabarmentzen dira, eta jasotzen ez diren errealitateak ikusaraztea proposatzen da, hala nola bizitegi-bazterketako egoeran dauden pertsonak edo enplegua lortzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonentzako enplegua sustatzeko politikak.
Irizpenen kontsulta
EGABk politika ekonomikoarekin eta sozialarekin lotutako Jaurlaritzaren Plan Orokorrren eta Lege Aurreproiektuen irizpenak egiten ditu; baita Dekretuen Proiektu eta gobernuaren ustez garrantzia handikoak diren erabakienak ere. Irizpenak lotesleak ez diren arren, Euskadiko bizitza ekonomiko eta sozialeko eragileen eztabaida eta adostasun-asmoa aurkezten dute.
EGABren webgunean gaur egun arte egindako irizpen guztiak kontsulta daitezke, “Argitalpenak” atalaren barruan. Esteka honen bitartez ikus daiteke atal hori.