Estrategian Euskofederpen eta Lares Euskadi erakundeek parte hartu dute, Sareen Sarearen parte diren eta pertsona nagusien eremuan lan egiten duten erakundeek, hain zuzen
Joan den ostiralean, urtarrilaren 20an, 2021-2024 Adinekoekiko Euskal Estrategia berria aurkeztu da Gasteizko Europa Jauregian. Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek aurkeztutako estrategiarentzat “funtsezkoa izan da zahartze aktiboa bizitza osoaren ikuspegitik integratzea, bai pertsona autonomoentzat, bai gero eta laguntza eta zainketa handiagoak behar dituztenentzat”.
Ekitaldian protagonismo berezia izan dute adinekoenganako politiken eragile bultzatzaileek, eta, bereziki, Euskadiko Adinekoen Batzordea (EAB) osatzen dutenek. EAB Euskadiko Elkarrizketa Zibileko Mahaiko batzorde parte-hartzailea da eta adinekoen politika publikoak eraikitzen ditu eta pertsona nagusiak ordezkatzen dituzten elkarteek osatzen dute.
Hirugarren estrategia hau osoagoa da, Euskadiko Adinekoen Batzordearen aholkularitzapean egin baita. Batzorde hori osatzen duten erakundeen artean Euskofederpen eta Lares Euskadi daude, Sareen Sarearen parte diren elkarte-sareak. Estrategiaren aurkezpena osatzeko, Matia Institutuko Elena del Barriok eta Félix Elkoroiribe Euskofederpeneko kide eta Euskadiko Adinekoen Batzordeko ordezkariak 2021-2024 aldirako Adinekoen Euskal Estrategia garatzen duten ekintza-ardatzak eta trakzio-proiektuak azaldu dituzte. Félix Elkoroiribek “adinekoekin batera estrategia hori garatzeko beharra” dagoela azpimarratu du eta, ildo horretan, Euskadiko Adinekoen Batzordeari eta hura osatzen duten erakunde sozialei garrantzia eman die, euskal administrazio publikoarekin batera.
Zahartze-prozesuari heltzeko eredu berri bat sortzeko premian oinarritzen da estrategia, betiere adinekoen protagonismoa oinarri hartuta. Bost esku-hartze ildo hedatzen du proiektuak, ondorengo helburuekin:
1. Herritartasun aktiboa sustatzea, eskubideen, parte-hartzearen eta komunitate adeitsuen bidez.
2. Trantsizioak eta bizitza-proiektuaren garapena erraztea.
3. Autonomia aurreratzen, prebenitzen eta sustatzen laguntzea.
4. Gizarte-zaintzako politika eta iraupen luzeko zainketa-eredu berri baterako trantsizioa sustatzea.
5. Ezagutza sortzea ikerketatik eta berrikuntzatik, eta silver economy.
Esku-hartze ildo horiek hamar trakzio-proiektutan gauzatzen dira; horietako batzuk dagoeneko abian daude eta bost ardatzetan egituratzen dira:
I. ardatza. Herritar aktiboak.
II. ardatza. Trantsizioak eta bizitza-proiektua.
III. ardatza. Autonomia eta hauskortasuna.
IV. ardatza. Arreta eta zaintza.
V. ardatza. Ikerketa eta berrikuntza.
Proiektu hauek dira: Euskadiko Adinekoen Batzordea; Helduak Zabaltzen; Agenda Nagusi; Euskadi Lagunkoia; Altxor; Bizitza Betea; betiON; gizarte-zaintzako politika; Zaintza Lurraldea; zahartzeari eta zainketei buruzko azterketa; eta NEXT-CARE proiektua.
Estrategiaren dokumentua deskargatu
Informazio gehiago: Irekia.eus