Datozen erronka sozial, ekonomiko eta ingurumenekoei buruz hausnartzeko topaketa

Lanean ari gara

albiste hau irakurketa errazan idazteko.

Barkatu eragozpenak.

EHUren Udako Ikastaroen baitan, Donostiako Miramar Jauregian Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen (EGAB) 2023ko Memoria Sozioekonomikoari buruzko topaketan izan gara gaur. Joan den uztailean agintariei eta komunikabideei jendaurrean aurkeztu ondoren, topaketak memorian jasotako gaien gakoetan sakontzeko aukera eman du, hainbat adituren parte-hartzearekin.

Ekitaldiaren irekieran Mikel Torres Bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak, eta Javier Muñecas EGABeko presidenteak parte hartu dute. Ondoren, Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak urteko txosten honetan jasotako ondorio eta gomendio nagusiak jakinarazi dira. Txosten horrek EAEko egoera sozioekonomikoaren ikuspegi partekatua eskaintzen du. Memoria sindikatuekin, enpresekin eta gizarte zibileko beste eragile batzuekin lankidetzan garatzen da, eta horien artean dago Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala (EHSS).

2023ko Memoria Sozioekonomikoaren alderdi nabarmenak

EGABek Euskadiren garapenerako funtsezko hainbat erronka eta aukera nabarmendu ditu bere txostenean. Ekonomiaren eremuan, inflazioak eta ziurgabetasun globalak markatutako ingurunea izan arren, Euskadik BPGren % 1,8ko hazkundea lortu du. Hala ere, erronka desberdinei aurre egin behar zaie oraindik ere, hala nola behin-behinekotasun handia enplegu publikoan eta Euskadik duen lan-jardueraren tasa txikia, batez ere emakumeen artean. Osasunari dagokionez, gastu publikoa indartzeko beharra nabarmentzen da, batez ere biztanleriaren zahartzearen eta osasun mentaleko arazoen gorakadaren aurrean.

Gizarte-eremuan, EAEko bizi-kalitatea handia bada ere, oraindik ere hainbat arazo daude, hala nola pobrezia energetikoa eta alokairuko etxebizitza eskuragarririk eza. Hortaz, kolektibo kalteberenei laguntzen jarraitzeko beharra azpimarratzen du txostenak. Gizarte-babeseko euskal sistemari dagokionez, memoriak nabarmentzen du Europako herrialde nagusien pareko estaldurari eutsi zaiola, eta bideratutako baliabideak etengabe handitu direla. Ildo horretan, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak azpimarratu du Gizarte Zerbitzuen II. Plan Estrategikoa (2023-2026) biztanleriaren zahartzeari egokitu beharko zaiola, eta, bitartean, kolektibo ahulei laguntzen jarraitzen duela.

Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren ekarpena

Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialak zeregin aktiboa izan du Euskadiko EGABen 2023an, Mikel Barturen Sareen Sareko koordinatzailearen ordezkaritzaren bitartez. EHSSk hainbat lan-esparrutanparte hartu du, hala nola Gizarte Garapenerako Batzordean, Memoria Sozioekonomikoaren Batzordean eta EGABeko osoko bilkuretan.

Sareen Sareak 2023an egin duen lanaren alderdi azpimarragarri bat EHSSko sareetako adituak sartzea izan da. Aditu horiek Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean duten ordezkariari lagundu diote, eta gai espezifikoei buruzko ezagutzarekin lagundu dute. Hala, EHSSk bere ikuspegia eta proposamenak aurkeztu ditu funtsezko hainbat arau-proiektutan, hala nola familiei laguntzeko dekretu-proiektuan, Lankidetzari eta Elkartasunari buruzko Euskal Legearen aurreproiektuan, laneratzeko enpresen kalifikazioa arautzen duen dekretuan, desgaitasuna duten pertsonentzako enplegagarritasunari buruzko dekretuan eta diru-sarrerak bermatzeko errentaren erregelamenduan, besteak beste.