Soraia Chacon Sareen Sareko presidentearen iritzi artikulua

Garai nahasiak bizitzen ari gara. Testuinguru geopolitiko ezegonkorrarekin batera handituz doaz polarizazioa, ziurgabetasun soziala, gorroto-diskurtsoak eta desafekzio politikoa. Demokrazia egiturazko krisi batean dago: azken hamarkadetan lortutako eskubide eta askatasunak, gaur egun, arriskuan daude. Eta, hala ere, hemen jarraitzen dugu. Zutik eta aurrera eginez, sareak eta komunitateak ehunduz. Aniztasuna eta demokrazia aldarrikatuz, etorkizun hobea eraikitzeko asmo argiarekin. Etorkizun inklusibo, bidezko, solidario eta jasangarri bat pertsona guztientzat.

“Demokrazia egiturazko krisi batean dago: azken hamarkadetan lortutako eskubide eta askatasunak, gaur egun, arriskuan daude”.

Egoera horren aurrean, premiazkoa da politika egiteko beste alternatiba batzuk aldarrikatzea. Alegia, gobernantza kolaboratiboa politika publikoen diseinuan, betearazpenean eta ebaluazioan egiturazko praktika gisa aldarrikatuz. Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialean hamarkadak daramatzagu parte-hartze aktiborako moduak bultzatzen, arlo kolektiboan eta ekintza partekatuan oinarrituta. Etikaz egiten dugu, inpaktu sozialarekin eta giza begirada sakonarekin. Eta gure esperientzia, legitimitatea eta oinarrizko ezagutza erabat aitortzeko unea iritsi dela uste dugu.

Horregatik, maiatzaren 12an, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Egunean, mezu argia zabaltzen dugu: elkarrekin garena, batera egiten duguna. Goiburua baino gehiago, aldarrikapen ideologikoa da. 4.200 gizarte-erakunde baino gehiago gara, eta, egunez egun, pertsona zaurgarrienen eskubideen alde lan egiten dugu, hurbiltasunetik eta Euskadi hobe batekiko konpromisotik abiatuta. 45.000 pertsona baino gehiagorentzat enplegua sortzen dugu, 170.000 boluntario inguru mobilizatzen ditugu eta euskal BPGren % 2,4 ordezkatzen dugu. Baina, batez ere, balio soziala, ezagutza kokatua eta giza begirada sakona ematen dizkiegu politika publikoei.

“Premiazkoa da politika egiteko beste alternatiba batzuk aldarrikatzea. Alegia, gobernantza kolaboratiboa politika publikoen diseinuan, betearazpenean eta ebaluazioan egiturazko praktika gisa aldarrikatuz”.

Erronka konplexuei aurre egiten diegu: zahartzea, nahi gabeko bakardadea, larrialdi klimatikoa, desberdintasunen gorakada kezkagarria edo egiturazko arrazakeria. Ikuspegi horizontalak, parte-hartzaileak eta gizarte-errealitatearekin lotutakoak eskatzen dituzten erronkak dira. Politika egiteko beste modu batzuk behar ditugu, eta, bai, gobernantza kolaboratiboagoa behar dugu demokrazia indartzeko.

Lankidetzan aritzea ez da eskuordetzea edo kontsultatzea, baizik eta elkarren arteko konfiantzatik eraikitzea. Elkarrekikotasunetik. Alde bakoitzak ematen duen balioaren aintzatespenetik. Izan ere, bakarkako aktoreek, ez publikoek ez sozialek, ez dituzte gako guztiak. Berrikuntza sozialak eta politika publikoen eraginkortasunak gero eta gehiago dute jokoan erakundeen eta gizarte zibil antolatuaren artean aliantza sendo eta iraunkorrak sortzeko gaitasunean.

Elkarlaneko ikuspegi hori posible bezain beharrezkoa da. Lehendakaritzako Gizarte Berrikuntzako eta 2030 Agendaren Zuzendaritzak aurten aurkeztutako 2025-2028 Planak guztiz partekatzen dugun bide bat adierazten du: politika publikoen ikuspegi holistikoa, komunitarioa eta kolaboratiboa planteatzen du. Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialetik interpelatuak eta inplikatuak sentitzen gara etorkizun horretan. Izan ere, diskurtso autoritarioak gailentzen eta eskubide sozialak ahultzen ari diren garai honetan, demokrazia defendatzeak bere dimentsio parte-hartzailea, bere izaera komunitarioa eta bere bokazio eraldatzailea defendatzea ere eskatzen du.

” Demokrazia defendatzeak bere dimentsio parte-hartzailea, bere izaera komunitarioa eta bere bokazio eraldatzailea defendatzea ere eskatzen du”.

Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialari buruzko 6/2016 Legeak gaur bederatzi urte bete ditu eta arau horrek sektorearen legitimitatea aitortu zuen ongizatearen eraikuntzan funtsezko eragile gisa. Baina aintzatespen hori ezin da paperean geratu. Elkarlanerako espazio errealak behar ditugu. Elkarrizketa egonkorra behar dugu. Elkarrizketa zibilari eusten dioten egiturak behar ditugu. Eta, jakina, finantzaketa nahikoa eta bermatua behar dugu, gure gizarte-misioarekin bat datorrena. Eragina duen parte-hartzeak denbora, baliabideak eta baldintza duinak eskatzen dituelako parte hartu ahal izateko.

Irekitzen ari den ziklo politiko berri honetan, Sareen Sareak eskua luzatzen die lehendakariari eta haren gobernuari, elkarrekin benetako elkarlaneko gobernantza eraikitzeko. Erakundeen eta herritarren arteko zubia izaten jarraitu nahi dugu. Elkarrekin garena, batera egiten duguna gara. Eta horretan jarraitu nahi dugu. Batera egiten dugunak leku bat merezi duelako herri honetako arkitektura demokratikoan.