Mikel Barturen Sareen Sareko koordinatzailearen agerraldia
Mikel Barturen Sareen Sareko koordinatzaileak agerraldia egin du gaur Eusko Legebiltzarreko Lan eta Enplegu Batzordean, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialak Diru-sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Sistemaren Lege Proiektuari buruz duen ikuspegia azaltzeko. Barturenek azpimarratu du egokia eta beharrezkoa dela diru-sarrerak bermatzeko euskal sistema arautu eta eguneratuko duen lege berri bat. Mikel Barturenek adierazi duenez, “Sareen Sareak aurrerapen positiboak aitortzen ditu egungo legediarekin alderatuta, eta zalantzagabekoa da diru-sarrerak bermatzeko euskal sistemak Euskadiko kohesio sozialari egiten dion ekarpena”. Sareen sareko koordinatzaileak azaldu duenez, Euskadik gaur egun Estatuko eta Europako pobrezia eta desberdintasun baino batez besteko tasa txikiagoak ditu. Hori, hein handi batean, diru-sarrerak bermatzeko sistemaren ekarpenaren ondorioa da. Hala ere, Barturenek gogorarazi du pobrezia eta desberdintasun mailek gora egiten jarraitzen dutela Euskadin, PGEIren azken txostenak (2020) adierazten duen bezala.
Halaber, Sareen Sareak agurtu egin du Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera (IMV delakoa) diru-sarrerak bermatzeko euskal ereduan txertatu izana eta gogorarazi du gizarteratzeko eskubidea garatu behar dela eskubide bikoitzeko sistema horretan (diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko). Izan ere, garapen desberdina izan du orain arte.
Sistemaren sarbidea eta eraginkortasuna
Diru-sarrerak bermatzeko sistemaren eskuragarritasunari eta eraginkortasunari dagokionez, Barturenek adierazi du hobetu egin behar direla, gaur egun arriskuan dauden biztanleen %30 inguru beren beharrei erantzuteko pentsatuta dagoen sistematik kanpo gelditzen da. Beraz, sarbidea hobetzea eskatu du Sareen Sareak, behar duten pertsona guztiek sarbidea izan dezaten, osasun-sisteman edo hezkuntza-sisteman sartzeko aukera dagoen bezala.
Sistemaren eraginkortasunari dagokionez, proposamenean zalantzarik gabeko hobekuntzak daudela uste du Sareen Sareak, hala nola bizikidetza-unitateko kideen kopuruaren araberako mugarik ez egotea. Aldiz, negatibotzat jotzen du pobrezia-atariei lotutako eguneratze-indize objektiborik ez ezartzea eta urtero Legebiltzarraren borondatearen esku uztea, erreferentzia-indize iraunkorrik ezarri gabe. “Gure zalantzak ditugu proposatutako zenbatekoekin pobrezia kasu guztietan gaindituko ote den, bai pobrezia erlatiboan, bai larrian”, azaldu du Mikel Barturenek.
Bestalde, Sareen Sareak Eusko Legebiltzarrean egindako hitzaldian sistema lagunkoiago bat indartzeko beharra gogorarazi du, bereziki kolektibo ahulenen artean. Ildo horretan, Barturenek gogorarazi du digitalizazio-prozesuak zenbait hobekuntza eragiten ari direla administrazio-izapidetzean baina, aldi berean, benetako oztopo bat sortzen dutela kolektibo jakin batzuentzat. Alegia, behar diren tresnak edo gaikuntza egokia ez dutenez, benetako zailtasunak dituzte administrazio publikoan sartzeko, arreta pertsonalizatuaren bidez ez bada. “Horregatik, arreta pertsonalizatua bermatu behar da profesional espezializatuekin, arreta egokia eskaintzeko”, azpimarratu du Sareen Sareko koordinatzaileak.
Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren ekarpenak
Azkenik, Sareen Sareko koordinatzaileak positibotzat jo du EHSSko erakundeek sistemaren gobernantzan egindako ekarpena eta eragile laguntzaile gisa duten eginkizuna aitortzea. Ildo horretan, Sareen Sareak agurtu egin du Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaian (EEZM), 2021eko ekainaren 23an, sektore sozialaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko elkarrizketarako Batzorde Mistoa aktibatu izana. “Elkarrizketarako gune hau Legearen ezarpenean eta haren garapenean aktibo egotea eskatzen dugu“, esan du Barturenek.