Euskadiko gizarte-politiken eremuan berrikuntza indartuz
Sareen Sareak, beste erakunde batzuekin batera, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak antolatutako bilera batean parte hartu du, Gizarte Berrikuntzako Euskal Ekosistema indartzeko gizarte zerbitzuen eta politiken eremuan. Nerea Melgosa sailburuak zuzendu du saioa, eta gizarte-berrikuntzan inplikatutako hainbat eragilek parte hartu dugu bertan.
Topaketaren helburu nagusia gizarte-berrikuntza sustatzeko hainbat erakunderen baliabideak eta ahaleginak koordinatuko dituen lan-esparruaren sorrera eztabaidatzea izan da, Euskadin gizarteratzea, kohesioa eta gizarte-ongizatea hobetzeko. Ahalegin horren bidez, baliabideak antolatu eta sinergiak ezarri nahi dira eragile publiko eta pribatuen artean. Horrela, hautatutako erronka estrategikoei heldu nahi zaie, eskualdean, Europan eta nazioartean konponbide eskalagarriak garatzeko.
Euskadin gizarte-berrikuntza bultzatzeko prozesuan hainbat eragile publiko eta pribatu ari dira parte hartzen, zehazki:
- Hiru euskal unibertsitateak (UPV/EHU, Deusto eta Mondragon).
- Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean parte hartzen duten bi erakundeak (Matia Fundazioa eta SSI Taldea).
- Lankidetza gizarte-berrikuntza bultzatzeko (Agintzari, Fundació iSocial, Agirre Lehendakari Center, Arantzazulab, Eusko Ikaskuntza).
- Sareen Sarea – Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala.
- Hirugarren Sektore Sozialaren Euskal Behatokia eta Behatuz Gizarte Zerbitzuen Euskal Behatokia).
- Lehendakaritza (Gizarte Trantsizioko eta Agenda 2030/Gizarte Berrikuntzako Zuzendaritza).
- Gizalab Fundazioa.
- Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila.
Bilerak oinarrien dokumentu bat aurkezteko balio izan du, eta eragileen onespena jaso du. Hiru hilabeteko epea ezarri da parte-hartzaileek galdetegi bat osatu eta dokumentu honetarako proposamenak aurkez ditzaten, Gizarte Berrikuntzako Euskal Ekosistema formalizatu aurretik. Proiektua irekita dago Euskadiko gizarte-politiken eremuan gizarte-berrikuntzan laguntzeko interesa duten erakunde berriei atxikitzeko.
Berrikuntzari eta Hirugarren Sektore Sozialari buruzko albiste gehiago