Gizarteratzeko eta Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala indartzeko boluntario eta profesional gisa hiru hamarkada baino gehiagoko ibilbideari aitorpena

Aurtengo Sareen Saria Gonzalo Rodríguez Aguirregoitiari emango diogu.

Gonzalok lan handia egin du Euskadiko herritarrei laguntzen. Caritasen eta beste talde garrantzitsu batzuetan 30 urte baino gehiagoz egon da.

Zer da Sareen Saria? Pertsona guztientzako Euskadi hobea sortzen lagundu duten pertsonei ematen zaien saria. Maiatzaren 10ean, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Egunean, Gonzalok bere saria jasoko du Bilbon.

Gonzalo Rodríguez Bizkaiko Caritasen boluntario gisa laguntzen hasi zen. Gero, urte askoan egin zuen lan erakunde horretan. Jada lanik egiten ez duen arren, 2023an erretiroa hartu zuelako, boluntario gisa laguntzen jarraitzen du.

Gonzalo oso garrantzitsua izan da Euskadin gizarte-laguntza hobetzeko. Hainbat erakunderekin lan egin du eta elkarrekin lan egin dezatela lortu du. Elkarrizketa Zibilerako Mahaia izeneko talde bat sortzen lagundu zuen. Talde horretan, Eusko Jaurlaritzak eta gizarte-erakundeek elkarrekin lan egin eta arazoak konpontzen dituzte.

Gizardatz, Hirekin edo Sareen Sarea bezalako erakunde garrantzitsuen presidentea izan zen. Gonzalori esker, pertsona askok elkarrekin lan egiten dute Euskadin gehien behar dutenei laguntzeko.

Gonzalo Rodriguez Aguirregoitiari emango diogu aurtengo Sareen Saria, Caritasen eta Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko hainbat erakundetan izandako ibilbidea eta konpromiso handia aitortzeko. Sareen Sarearen Zuzendaritza Batzordeak Gonzalo hautatu du 30 urte baino gehiagoko dedikazioagatik eta bereziki nabarmendu du Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala indartzeko eta bateratzeko egin duen lana.

Sareen Sariak Euskadi solidarioagoa, kohesionatuagoa eta inklusiboagoa eraikitzen lagundu duten pertsonen ibilbidea aintzatestea du helburu. Sari banaketa maiatzaren 10ean egingo da, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Eguna ospatzeko Bilbon egingo den ekitaldian.

Hiru hamarkadako konpromisoa

Caritas Bizkaian hasi zuen Gonzalo Rodriguezek bere ibilbidea Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialean. Hasieran boluntario gisa hasi bazen ere, ondoren, hiru hamarkada baino gehiagoz izan da erakunde hartako langilea. 2023ko abenduan erretiroa hartu zuen arren, aktibo jarraitzen du gizarteratzearen aldeko konpromisoan, berriz ere boluntario gisa parte hartuz.

Bere ibilbidean, Gonzalo Rodríguez funtsezko figura izan da Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren garapenean, gobernantza eta erakunde desberdinen arteko sare-lana sustatuz. Elkarrizketa Zibilerako Mahaia sortzeko eta abian jartzeko dinamizatzaileetako bat izan zen. Mahai horrek Eusko Jaurlaritzaren eta Hirugarren Sektore Sozialaren arteko elkarrizketa erraztu nahi du, politika publikoen diseinua eta betearazpena hobetzeko.

Bestalde, Gizardatz elkarteko presidente gisa, Bizkaian irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekintzako erakundeen patronala egituratzea ahalbidetu du. Era berean, Hirekin federazioko presidente gisa, bultzada handia eman dio Euskadiko hiru lurraldeetako esku-hartze sozialeko erekundeen patronalen eraikuntzari. Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko Sareen Sarearen presidentea izan da ere. Sare hori 13 erakunderekin sortu zen eta, gaur egun, guztira 17 biltzen ditu.

Gonzalo Rodríguezen sena, konpromisoa eta etengabeko ahalegina funtsezkoak izan dira gizarte inklusiboago eta solidarioago bat eraikitzeko. Bera bezalako pertsonei esker, gaur egun, gero eta indartsuago eta kohesionatuago dagoen Hirugarren Sektore Soziala dugu.