Sareen Sareak bat egin du Haur eta Nerabeen Kontrako Indarkeriari aurre egiteko Euskal Estrategiarekin.
Haurrak errespetatzen dituen eta euren eskubideak betetzen dituen gizarte bat, etorkizunean gizarte justuagoa eta orekatuagoa izango da. Tamalez, oraindik ere egoera askotan haurrek indarkeria eta tratu txar mota desberdinak pairatzen dituzte. Zentzu horretan, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Familien eta Haurren Zuzendaritzak Haurren eta Nerabeen aurkako Indarkeriari aurre egiteko Euskal Estrategia jarri du abian. Estrategia horren azken helburua da EAEko adingabeak indarkeriarik gabe bizi eta hazi ahal izatea.
Estrategia hori erakundeen eta beste eragile batzuen arteko lankidetza-tresna gisa planteatzen da, arazo horri ahalik eta erantzun onenak eman ahal izateko. Horregatik, Sareen Sareak bat egin du estrategiarekin, haurrak babestea baita Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeen lehentasunezko helburuetako bat. Erakunde sozialek kolektibo horren eskubideak sustatzeko lan egiten dute, hala nola gizarte- eta hezkuntza-arloko aisialdia, inklusioa, familiak edo osasun mentala. Era berean, Sareen Sarean, EHSSko sareak eta Unicef helburu berberen alde ari dira lanean, elkarteko Haurren eta Nerabeen Eskubideen Batzordearen bitartez. Besteak beste, 2021ean, batzorde horrek Eusko Legebiltzarrean agerraldi bat egin zuen, Gazteriaren Euskal Legeari bere proposamenak aurkezteko.
Haurren eskubideen aldeko kanpaina
Sareen Sarearen helburu nagusietako bat Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren lana sustatzea da, gizarte justuagoa, demokratikoagoa, solidarioagoa eta sozialki inklusiboagoa eraikitzeko. Beste komunikazio-ekintza batzuen artean, 2020az geroztik Eusko Jaurlaritzarekin eta EITBrekin elkarlanean ari gara EHSSa eta haren lana hainbat gizarte-eremutan sustatzeko ikus-entzunezko kanpainak ekoizten. Duela gutxi, Haurren Eskubideak aldarrikatzeko kanpaina bat egin dugu, datorren azaroaren 20an ospatuko baita horren Mundu Eguna. Iragarki horretan, Euskadiko haurrek haurtzaro errespetatua, zoriontsua eta tratu txarrik gabea bizitzen laguntzeko eskatzen diete helduei eta gizarteari. Era berean, 2021ean, beste kanpaina bat egin genuen, haurren eskubideak betetzea defendatzeko. Jarraian, bi iragarkiak ikus ditzakezu.
2022ko kanpaina:
2021eko kanpaina: