Eskubideen ikuspegitik sareetan egindako zeharkako lana
Itxaso Bilbaok eta Elena de la Herak, Sareen Sarea erakundeko Haur, Nerabe eta Gazteen Batzordearen ordezkari gisa, Haurren eta Nerabeen Lege Proiektu berrirako gogoetak eta proposamenak aurkeztu dituzte gaur goizean Eusko Legebiltzarrean.
Eskubideen ikuspegitik sareetan egindako zeharkako lana
Sareen Sarearen Haurren, Nerabeen eta Gazteen Batzordea honako sare hauek osatzen dute: Astialdi Sarea, GGKEren Koordinakundea, EAPN, Fedeafes, FEVAS, Harresiak Apurtus, Hirukide eta Unicef. Bere lana Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioaren aplikazioaren, haren jarraipen-mekanismoen eta Euskadin indarrean dagoen araudiaren esparruan garatzen du, haurtzaroak eta nerabezaroak gizarte mailan funtsezkoa eta lehentasunezkoa den ardatza osatzen baitute.
Euskadiko haurrak eta nerabeak eskubideen subjektutzat jotzen dituen legearen inguruko balorazio positiboa
Legearen testuaren inguruan egindako balorazio orokorra positiboa da; izan ere, jendaurrean aurkezteko fasean aurkeztutako proposamenaren oinarria eta azken urteotan administrazio publikoekin batera landutako beste batzuk jasotzen ditu.
Testuak oinarrizko alderdi hauek biltzen ditu, besteak beste: indarkeriaren aurkako prebentzioa, maila guztietan haurrak eta nerabeak sustatu eta babestea, lege-proiektu guztietan haurtzaroan izango duten eraginari buruzko txostenak izateko beharra, haurren parte-hartzea eta, hitz gutxitan esanda, haurren eta nerabeen eskubideak gauzatzean legearen osotasuna eta zeharkakotasuna izatea.
Lege-zirriborro berriaren alderdi positiboak
- Genero identitatea onartzea, bai sentitua, bai adierazia, berdintasunerako eta bereizkeriarik ezerako eskubidearen bermean aurrera egitea baitakar horrek.
- Kontuan hartzen da haur eta nerabeekin lan egiten duten Hirugarren Sektoreko erakundeekiko lankidetza eta koordinazioa. Hala ere, beste behin azpimarratu da hirugarren sektoreko erakundeak beti haur eta nerabeekin egiten diren jarduketen koordinaziorako eta lankidetzarako eragile garrantzitsutzat hartzeak duen balioa.
- Legean garrantzia eman zaio kutsadura atmosferikoaren eta elektromagnetikoaren mailak berrikusteari, bereziki hezkuntza- eta osasun-inguruneetan; hala ere, gure iritziz, haurren presentzia handia duten beste gune batzuk ere sartu beharko lirateke, hala nola, haur-parkeak edo kirolguneak.
- “Babesik ezarako zaurgarritasuna” zer den definitzen hastea. Horrek prebentzio eta detekzio goiztiarreko elementu bat dakar berekin, eta aurrerapauso garrantzitsua da EAEko haur, haur eta nerabeen eskubideak bermatzeko garaian.
Berdintasun, aniztasun, osasun, prestazio-sistema, etxebizitza eta lankidetza eraginkorrari buruzko gogoetak eta ekarpenak
Haurren babesarekin lotuta legea aplikatzeari buruzko zalantzak, komunikabideekin zerikusia duen edukiari dagokionez.
Terminologia inklusiboagoa erabiltzea gomendatzen dugu, testu baitan familien aniztasuna nabarmenagoa izan dadin.
Haurrekin eta nerabeekin batera esku hartzen duten eragile guztien koordinazioa eta lankidetza eraginkorra izateko beharra, eta 2030eko Agendarekin eta Garapen Jasangarriko Helburuekin bat egiteko beharra. Helburu horiek lortzeak zuzeneko eragina du haurrengan eta nerabeengan.
Proposamen zehatzak
Kasu jakin batzuetan behintzat, hizkuntza nagusian, euskaraz edo gaztelaniaz harago joanda, arreta emateak duen garrantzia bermatzeko beharra azpimarratu nahi dugu.
Osasunaren arloan, ikuspegi bat proposatzen dugu, gaixotasunagatiko arreta eta prebentzio-ekintzak barne hartzen dituena.
Bereziki positiboa iruditzen zaigu osasuna ez dela soilik gaixotasunik edo nahasmendurik eza; izan ere, ongizate fisiko eta mentala ere bada. Hala ere, ikusten dugu buru-osasunaren egoera diagnostikatuak baino ez direla lantzen, eta beharrezkotzat jotzen dugu prebentzioan eragitea, osasunaren esparrutik, eta “diagnostikatuta edo diagnostikatu gabe, diagnostikoa egiteko balorazioa beharrezkoa den egoerak” barne. Patologia dualak hizpide dituen beste puntu bat ere egin nahiko genuke, buru-nahasmenduak eta substantzien kontsumoa aldi berean gertatzearekin lotutakoa.
Gomendatzen dugu eskolako curriculumean buru-osasunaren eta haren zaintzaren sustapena sartzea, baita hezkuntza emozionalarekin lotutako gaitasunak sartzea ere.
Lege osoan aipatzen den aukera-berdintasunari dagokionez, azpimarratu behar da garrantzitsua dela bermatzea haurrek eta nerabeek beren adin eta une ebolutiboei dagozkien doako jarduerak izango dituztela, aukera-berdintasun hori benetan bermatzeko.
Lege hori promulgatzeak une hau baliatu beharko luke honako helburu hauek lortzeko: familia-politiken eta haur-politiken zenbatekoa pixkanaka handitzeko aurrekontu mailako konpromisoa areagotzea, 2030erako Europako egungo batezbestekoaren helburura iritsi ahal izateko; seme-alabak dituzten familia guztietara iritsiko den eta eraginkorragoa izango den laguntza eta prestazio ekonomikoen sistemarantz aurrera egitea; eta etxebizitza duina bermatzen laguntzea.
Garrantzitsua da, gainera, familia-errenta estandarizatuaren kontzeptua sartzea (2008ko abenduaren 12ko Familiei Laguntzeko 13/2008 Legearen 6. artikuluan onartua), haur-hezkuntzako ikastetxeetan matrikula ordaintzetik salbuesteko neurriei dagokienez.
Lege hau onartzeak duen garrantzia adierazi nahi dugu
Lege horren arabera, EAEko haurrak eta nerabeak eskubideen subjektutzat hartzen dira, eta ez dira soilik babesa merezi dutenak. Horrek aurrerapauso nabarmena dakar beren eskubideen bermean; eta horien aurka egindako indarkeria behar bezala prebenitu, arreta eman eta konpontzeko beharrezko neurriak jasotzen ditu.
Argazkia: “Egilea: Eusko Legebiltzarra”