Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Legearen bederatzigarren urtemuga
Maiatzaren 12an, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Eguna izango da. Hori ospatzeko, gaur, ekitaldi bat antolatu dugu Gasteizko Artium museoan. Bertan, Lehendakariak, Eusko Jaurlaritzako, Legebiltzarreko, aldundietako eta udaletako ordezkariek eta Euskadi osoko gizarte-erakundeek hartu dute parte.
Ekitaldiak Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialari buruzko maiatzaren 12ko 6/2016 Legea indarrean sartu zela oroitarazten du. Sektorearen nortasuna, funtzio soziala eta ekarpena lehen aldiz onartu zituen arau-mugarria, alegia. Sektoreak politika publikoak landu, gauzatu eta ebaluatzeko funtsezko eragile gisa zuen eginkizuna sendotu zuen lege horrek, erakundeen eta gizarte zibil antolatuaren arteko elkarlaneko gobernantza-eredua sustatuz.
Ekitaldian, Sareen Sareko presidente Soraia Chaconek erakundeen eta Hirugarren Sektore Sozialaren arteko egiturazko lankidetza indartzeko beharra azpimarratu du, gobernantza irekiagoa, parte-hartzaileagoa eta erantzunkideagoa eskatuz. Era berean, sektorearen jasangarritasuna bermatzeko finantzaketa-esparru egonkorra, nahikoa eta aurreikusteko modukoa bermatu behar dela gogorarazi du. “Hirugarren Sektore Soziala ez da eragile txiki bat: eraldaketa sozialaren parte aktiboa gara, legitimitatearekin, ezagutzarekin eta konpromisoarekin. Gure esperientzia eskaini nahi dugu eta, oinarritik, demokrazia sakonago, inklusiboago eta biziago baten alde egin”, adierazi du Sareen Sareko presidenteak.
Ekitaldian Imanol Pradales Lehendakariak parte hartu du, eta hirugarren sektoreak lurraldearen gizarte-kohesioan duen funtsezko zeregina nabarmendu du, inor atzean ez uzteko beharra azpimarratuz. “Pertsona guztiek bizi-proiektu zoriontsuak garatu ahal izateko baldintzak sortu behar ditugu. Horretarako hiru zutabe dira funtsezkoak: borondate politikoa, komunitate sendoa eta bien arteko lankidetza eraginkorra”, adierazi du.
Lehendakariak pertsonak ardatz dituzten erakundeen eta herritar konprometituen arteko lankidetzan oinarritutako euskal eredua aldarrikatu du. Bere hitzetan, “Euskadin eredu argia dugu, komunitatetik aurrera pauso bat ematen duten pertsonekin”.
Sareen Saria 2025: Concha Clavero Molinari aitortza
Jardunaldiaren unerik hunkigarrienetako bat 2025eko Sareen Saria eman denean izan da. Aurten, Concha Clavero Molinaren ibilbidea aitortu du Sareen Sareak, erreferentziazko pertsona izan baita politika publiko inklusiboak bultzatzeko eta herritarren parte hartzeko guneak eraikitzeko, ekintza komunitariotik eta feminismotik abiatuta.
Sareen Saretik Concha Claveroren konpromisoa eskertu dugu eta Lehendakariak sarituaren ondarea goraipatu du, bereziki krisi industrialak, langabeziak eta drogazaletasunak markatutako uneetan.
Gobernantza kolaboratiboa oinarritik
“Elkarrekin garena, batera egiten duguna” lelopean, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren indar kolektiboan jarri nahi izan dugu arreta, bai eta benetako lankidetzako gobernantzan duen funtsezko eginkizunean ere. Ekitaldian bideo bat proiektatu da, Sareen Sarea osatzen duten erakundeek martxoan egindako hausnarketa prozesua jasotzen duena. Ildo horretan, Sareen Sarak jarrera partekatua egin du, eta gaur aurkeztu da sektoreak euskal gizartearekin eta erakundeekin duen konpromisoaren erakusgarri gisa.
Parte-hartze prozesu horretan, EHSSko sareek gogoeta egin ahal izan dute gizarte-erakundeek pertsonak eta haien eskubideak zaintzean dituzten eskubideak zaintzean duten legitimitatearen inguruan. Era berean, politika publikoen diseinuan Hirugarren Sektore Sozialari buruz dagoen ezagutzaren balioa aldarrikatu dute; sektorea eragile eraldatzaile gisa aitortzea; eta kalitatezko baldintzetan parte hartu ahal izateko baliabide egokiak izateko beharra.
Prozesu partekatu horrek sektore gisa garena adierazten du: egituratutako aniztasuna, errealitatearen ezagutza sakona eta elkarrekin gizarte justuago, inklusiboago eta solidarioago bat eraikitzen jarraitzeko borondatea.