Ekintza parte-hartzailea Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko sareekin
Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Egunaren harira, Sareen Sareak aldez aurretik ekintza parte-hartzailea antolatu du gure sarekideekin batera. Saioak sektorearentzat funtsezkoak diren bi gai izan ditu ardatz: iraunkortasuna eta elkarlaneko gobernantzan dugun zeregina.
Jardunaldian Ione Ardaiz Arantzazulabeko Berrikuntza Sozialeko Proiektuen zuzendariak parte hartu du, laborategi honek landutako elkarlaneko gobernantzaren kontzeptu-esparrua partekatzeko. Ikuspegi horrek eragile sozial eta instituzionalen zeregina birpentsatzera bultzatzen du, erantzukidetasunaren, botere partekatuaren eta parte hartzeko egitura sendoen logikatik abiatuta.
Colaboraborarekin diseinatu eta dinamizatutako ekintza honetan, Sareen Sareko partaideek hiru ardatz estrategiko landu ditu taldeka: sektorearen aintzatespena, testuinguruaren ezagutza kokatua eta elkarrizketarako gaitasunaren indartzea. Prozesu kolektibo horretatik ideiak, proposamenak eta sektorearen posizionamenduaren sintesi partekatua sortu dira. Horiek guztiak laburbiltzeko, funtsezko lau ideia formulatu dira mantren moduan:
-
Bizitzan zehar pertsonen eskubideak zaintzeak legitimatzen gaitu. Hirugarren Sektore Sozialak bizitzako etapa guztietan laguntzen die pertsonei, eskubideen, gertutasunaren eta etengabeko konpromisoaren logikatik.
-
Errealitateak ezagutzen ditugu. Egiteko ahalmena daukagu eta egin dezakegu. Elkarrekin egingo dugu? Konponbideak eraikitzen jarraitzeko konpromisoa, ezagutza eta borondatea dugu. Baina hori egiteko elkarrekin lan egin behar da, sare bakoitzaren nortasuna eta aniztasuna galdu gabe eta erakunde publikoekin batera.
-
Bagara eta bagaude, balioa eta justizia soziala bermatzen dugulako. Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala, haren sareak eta erakundeak ez dira osagarri hutsak: esperientzia eta eraldaketarako bokazio irmoa duten eragileak dira.
-
Finantzaketa iraunkorra kalitatezko gobernantza demokratikoagoa lortzeko. Parte-hartzea ezin da sinbolikoa izan: egiturak, denbora eta baliabideak eskatzen ditu. Baldintza iraunkorrak behar ditugu modu eraginkorrean parte hartu ahal izateko.
Gainera, lansaioan zehar, mantra horiekin lotutako ideia garrantzitsuak sortu dira, sektorearen egiturazko beharrak adierazten laguntzen digutenak. Besteak beste, premiazkoa da agenda publiko partekatua eraikitzea, konfiantzan, aitortzan eta elkarrekikotasunean oinarritutako harremanak sortzea, eta parte-hartze kosmetikoko ereduak gainditzea. Balioa eman zaie, halaber, eragile anitzeko gizarte-berrikuntzako ekosistemei, bizi-ibilbideen aniztasunari erantzuteko esparru gisa duten intersekzionalitateari, eta galdera berriak egiteko eta aniztasunetik erantzunak koproduzitzeko espazioak irekitzeko beharrari.
Lan horrek guztiak lotura zuzena du aurtengo Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Egunerako aukeratu dugun leloarekin: “Elkarrekin garena, batera egiten duguna”.
Jarraian, saioan sortutako mantren eta ideien laburpen bisual bat ikus dezakezue, baita gobernantza kolaboratiboaren inguruan egin dugun lankidetza-lana jasotzen duen bideo bat ere.