Etxebizitzarako sarbidea sustatzeko lehen hartu-emana

Lanean ari gara

albiste hau irakurketa errazan idazteko.

Barkatu eragozpenak.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak eskatuta, Denis Itxaso sailburuarekin, Miguel de los Toyos Etxebizitzako sailburuordearekin, Patricia Val Alokabideko zuzendari nagusiarekin eta Leire Álvarez de Eulate Alokabideko gizarte-laguntzako arduradunarekin bildu gara. Bestalde, Sareen Sarearen izenean, Soraia Chacon presidenteak, Pablo Moratalla presidenteordeak eta Mikel Barturen koordinatzaileak parte hartu zuten bileran.

Bilera lehen hartu-eman bat izan da etxebizitzaren esparruan etorkizunean lankidetzan aritzeko bideak aztertzeko, gizarte-premia handiko gaia baita.

Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren lehentasunak

Bilerari hasiera emateko, Sareen Sarearen misioari eta egiturari buruzko aurkezpena egin genion sailburuari, baita Esukadiko Hirugarren Sektore Sozialak (EHSS) elkarrizketa zibilean duen rolari buruz eta Euskadiko pertsona eta kolektibo kalteberenei arreta emateko ditugun artikulazio-tresnei buruz. Era berean, sailarekin aurretik izandako lankidetza-esperientziak azpimarratu genituen, eta etxebizitza eskuratzearen inguruan ditugun kezka nagusietako batzuei heldu genien.

Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak Alokabideren datu garrantzitsuak partekatu zituen, besteak beste, Sareen Sareko erakundeei lagatako etxebizitzen kopurua (129tik, 75), baita Ortutxuetako (Bilbo) etxebizitza komunitarioen proiektu bati buruzko xehetasunak ere. Proiektu horrek ere Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeen lankidetza du. Gainera, Alokabizi aurkeztu ziguten, Euskadin 2050. urterako alokairu sozialeko etxebizitza babestuaren etorkizuna aztertzen duen proiektua, ingurumen-jasangarritasuna, digitalizazioa eta gizarteratzea integratuz.

Kolektibo kalteberek etxebizitza eskuratzeko lankidetza-esparruak

Bileran, Sareen Sarearen eta Etxebizitza Sailaren arteko hainbat lankidetza-arlo identifikatu genituen. Lehenik eta behin, EHSS presente dagoen eremuetan gure sareen bidez ordezkaritza egituratua izateko aukera emango duen harreman sektorialerako espazio bat ezartzeko aukera dagoela uste dugu. Sailak interesa agertu zuen EHSSrekiko harreman-bide zabalagoa izateko, dagoeneko gizarte-erakunde batzuekin dituzten zuzeneko harremanak zabaltze aldera.

Era berean, Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala Sustatzeko Estrategiaren esparruan adostutako protokoloa eta gizarte-azpiegiturak lagatzeko Elkarrizketa Zibilerako Mahaia baloratu ziren, erakunde guztientzat aukera-berdintasuna bermatzen duen mekanismo erabilgarri gisa.

Beste alderdi nabarmen bat bizitegi-premien diagnostikoa izan zen. Hirugarren Sektore Sozialak funtsezko zeregina betetzen du bazterketa-arriskuan dauden kolektiboen etxebizitza-premiak identifikatzeko, askotan estatistika ofizialetatik kanpo geratzen direnak barne. Diagnostiko zabalago batean laguntzera gonbidatu gintuzten, premia horiek zehaztasunez kokatzeko eta, horrela, erakunde publikoen erantzuna hobetzeko.

Ildo beretik, kolektibo kalteberetako pertsonekin zuzeneko bilerak antolatzea proposatu zuen sailburuak, etxebizitza eskuratzearen inguruan dituzten esperientziak eta zailtasunak zuzenean partekatu ahal izateko. Azkenik, EHSSk etxebizitza sozialeko eta kooperatiboko proiektuetan parte hartzea planteatu zen, Administrazio Publikoek etxebizitza sozialetarako edo zuzkidura-alojamendurako lurrak lagatzeari dagokionez.

Sareen Saretik positiboki baloratzen dugu Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailarekin egindako lehen topaketa hori; izan ere, lankidetza aktiboa izateko oinarriak ezarri baititugu, etxebizitza eskuratzea pertsona guztientzat errealitate izan dadin, bereziki egoera kalteberean daudenentzat.