Ekainak 28: LGTBIAQ+ Harrotasun Eguna
LGTBIAQ+ Harrotasunaren Egunean, Sareen Sareak aniztasunean, errespetuan eta eskubide sozialak berdintasunez eskuratzean oinarritutako gizartearekiko konpromisoa berresten du. Egun horretan, gizarteratzearen eta gizarte-kohesioaren garrantzia nabarmendu behar dugu, funtsezko balioak baitira Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialarentzat. Sareen Saretik bat egiten dugu LGTBIAQ+ pertsonen eskubideen defentsarekin, are gehiago erasoek gora egiten jarraitzen duten testuinguru batean, LGTBI+ Euskal Behatokiak jakinarazi duenez, eta kolektiboak diskriminazioa izaten jarraitzen du eskubide sozialetarako sarbidean.
LGTBIfobiaren aurkako borroka
Lege-aurrerapenak egiten ari diren arren (2023an, Espainiak Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI+ pertsonen eskubideak bermatzeko Legea onartu zuen), oraindik bide luzea dago LGTBIAQ+ kolektiboaren aurkako gorroto-diskrusoak eta erasoak desagerrarazteko. Aurrerapen hori esanguratsua da kolektiboaren eskubide eta askatasunetarako. Horregatik, LGTBI+ Estatuko Federazioak Gorroto Diskurtsoen aurkako Estatu Ituna sortzea eskatzen du.
Zalantzarik gabe, egoera oso kezkagarria da. 2019tik, LGTBIQA+ pertsonen aurkako 57.000 eraso salatu dira Espainiako Estatuan, baina soilik %0,57 erregistratu dira gorroto-ekintza gisa, Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Agentziaren (FRA) azterlan baten arabera. Gainera, erasoen %16,5 soilik salatzen dituzte segurtasun-indarrek, hein handi batean erakunde horiekiko mesfidantzagatik, LGTBI+ Estatuko Federazioaren txostenen arabera. Espainiako Barne Ministerioak ere gorroto-delituei buruzko datuak eman ditu, eta azpimarratu du ez direla ofizialki aitortzen ekintza horietako asko.
LGTBI+ Lege Integrala Euskadin
Euskadin, halaber, LGTBIAQ+ pertsonen eskubideak bermatzen jarraitzearen garrantzia nabarmentzen da, gizarte anitzagoa eta inklusiboagoa lortzeko. LGTBIAQ+ Euskal Behatokiak Euskadin LGTBI+ Lege Integral bat sortzearen garrantzia azpimarratu du. Lege hau funtsezkoa da genero-identitateagatik ez diskriminatzeko eta transen eskubideak aitortzeko. Gainera, LGTBI+ Euskal Behatokiak azpimarratu du beharrezkoa dela Lege Integral horrek berariaz jasotzea bitarrak ez diren pertsonak, asexualak eta beste kolektibo batzuk. Era berean, intersekzionalitatea txertatzeko eskatzen du, orientazio afektibo-sexuala, ezintasunak, migratzaileak eta pertsona trans arrazializatuak kontuan hartuta. Halaber, zehapen administratiboak eta gainbegiratze-organo independente bat ezartzea eskatzen du, bai eta horiek eraginkortasunez ezartzen direla ziurtatzeko aurrekontu egokiak esleitzea ere. Azkenik, erabilitako terminologia eguneratzea azpimarratu du, nazioarteko estandarrekin lerrokatuz, “genero-identitate eta -adierazpen” gisa.