Ongizate-eredu iraunkor eta inklusiboa eraikitzeko lankidetza-proiektua
Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko sareek kontraste-saio bat egin dugu Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuarekin, 2040rako Euskadiren ongizaterako lehiakortasunari buruzko ikuspegi eta erronka partekatu bat eraikitzeko, euskal erakunde eta eragile sozioekonomikoekin lankidetzan. Lehendakaritzarekin eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailarekin elkarlanean sustatutako proiektua da.
Mari Jose Aranguren Orkestrako zuzendari nagusiak eta Ane Izulain Institutuko ikertzaileak Sareen Sarearen egoitza bisitatu dute, 2021eko erdialdetik lantzen ari diren proiektua aurkezteko. Proiektuaren bidez, Euskadiko lehiakortasun-erronkak zein diren eta nola aldatzen ari diren identifikatu nahi da.
Proiektuak ongizate-eredu iraunkorra eta inklusiboa eraikitzeko 32 lehiakortasun-erronka ditu, 6 dimentsiotan sailkatutako ikuspegian multzokatuta:
Euskadi lehiakorra, herritarren ongizatea hobetzeko. Lurralde oparoa, berritzailea, konektatua, konprometitua, inklusiboa eta jasangarria. Toki bereizia eta erreferentziazkoa Europan, bizitzeko eta ekarpenen bat egiteko modukoa.
Eusko Jaurlaritzarekin dokumentu sintetiko bat egin ondoren, Orkestrak kontraste-saioak hasi ditu euskal erakundeekin eta eragile sozial eta ekonomikoekin. Lehenengo fasean hiru foru-aldundiekin, hiru hiriburuetako udalekin eta EUDELekin lan egin dute. Orain, bigarren kontraste-fasean daude eta, beste eragile sozioekonomikoen artean, Sareen Sarearekin bildu dira sektorearen ekarpenak jasotzeko.
Hirugarren Sektore Sozialaren hausnarketa
Azken kontraste-saio honetan, Sareen Sareko kide diren sareek “Euskadiren 2040ko ongizaterako lehiakortasuna” proiektuaren inguruko hausnarketak azaldu dituzte. Hauek dira bileran egin ditugun ekarpenetako batzuk: GJHak eta 2030 Agenda; sektoreko berrikuntza eta digitalizazioa; unibertsitateekiko eta ikerketa-zentroekiko lankidetza; zaintza-eredua; genero-ikuspegia; gizarte-ekonomiaren garrantzia; EHSSren jarduera ekonomikoa; politiken koherentzia; euskal enpresek kanpo-ekintzan duten etika eta erantzukizuna; gizarte-desberdinkerien gorakada; eta, eraldaketarekin lotutako edozein urrats eraginkorrek iraunkortasunaren aldeko proposamen ekonomiko bat eskatzen duela.
Orkestrak ekarpenak jaso ditu, eta eskerrak eman dizkie Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko sareei, ongizate-eredu iraunkorra eta inklusiboa eraikitzeko elkarlaneko prozesuan parte hartzeagatik. Bestalde, Sareen Sareak eskerrak eman dizkie Orkestrari eta Eusko Jaurlaritzari proiektu honetan parte hartzeko hirugarren sektore soziala aintzat hartu dutelako.
Orkestra
Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutua Deustuko Unibertsitatearen ekimena da, Deusto Fundazioaren bidez gauzatzen dena, lurraldearen lehiakortasuna eta garapena aztertzeko, hainbat ikerrildoren bidez eta hiru helbururekin: Euskal Autonomia Erkidegoko lehiakortasuna hobetzen laguntzea; herritarren ongizatea areagotzeko lan egitea; eta eskualdeko lehiakortasunaren alorrean jakintza sortzea.