Alderdi politikoek Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren 17 proposamenak jaso dituzte
Foru eta udal hauteskundeak gerturatzen ari dira eta, datorren maiatzaren 28an, herritarrek aukeratuko dituzte udal eta batzar nagusietako ordezkariak. Testuinguru horretan, Sareen Sareak 17 proposamen eraldatzaile egin ditu hauteskunde hauetara aurkezten diren alderdi politikoentzat. Toki- eta foru-erakundeek pertsonen bizi-kalitatea hobetuko dutela bermatzea da proposamen horien helburua, gizarteratzeko eta gizarte-kohesiorako kuotak eta eskubideen berdintasun eraginkorra handituz.
Sareen Sareak pertsonen eta planetaren zaintza banaezinak direla defendatzen du, eta eraldaketaren aldeko edozein urrats eraginkorrek iraunkortasunaren aldeko proposamen ekonomikoa eskatzen duela. Horregatik, alderdi politikoei eskatu diegu proposamen horiek kontuan har ditzatela eta elkarrizketa zibila bultza dezatela, herritarrek eta gizarte-erakundeek eragiten dieten erabaki politiko eta ekonomikoetan parte hartu ahal izan dezaten.
Hauteskunde hauek erabakigarriak dira maila globaleko ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-erronkei erantzuteko, horiek ere tokian-tokian aldaketa eraldatzaileak eskatzen baitituzte. Euskadik konpromisoa hartu du Garapen Iraunkorreko Helburuekin (GJH) eta 2030 Agendarekin, eta, beraz, erakundeek horren arabera jokatu behar dute, eta garapen iraunkor eta inklusiborako politikak bultzatu maila guztietan, “inor atzean ez uzteko” leloa egia bihurtuz.
Berdintasunezko gizarte-eredu inklusibo baterako proposamenak
Sareen Sareak alderdi politikoei bidali dien dokumentua herritarren gizarte-ongizatera bideratuta dago, batez ere kalteberatasun-egoera handienetan daudenena. 17 proposamenen horien artean daude garapen iraunkorrerako eta 2030 Agendarako politika koherenteak, tokiko ekonomia inklusiboa eta iraunkorra sustatzea eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema hobetzea.
Gainera, zerbitzu publikoetarako sarbide unibertsala eta berdintasunezkoa bermatzea, inbertsio soziala zabaltzea, genero-berdintasunean aurrera egitea eta irisgarritasun unibertsala sustatzea eskatzen dugu. Era berean, nabarmendu nahi dugu garrantzitsua dela erantzunkidetasuna eta familia-kontziliazioa sustatzea, eta haur, nerabe eta familiaren ikuspegia txertatzea foru- eta udal-arau guztietan.
Orobat, hirigintza inklusibo bat garatzeko beharra aldarrikatzen dugu, kalteberatasun soziodemografikoaren eta sozioekonomikoaren baldintzak lehengoratuko dituena, herrien eta hirien gizarte-kohesioa eta bizi-kalitatea hobetzeko.