Bi erakundeek gizarte kohesionatua, inklusiboa, solidarioa eta parte-hartzailea sustatzeko konpromisoa indartu dute
Sareen Sareak eta UNICEFek lankidetza-hitzarmena sinatu dute bi erakundeen arteko harremanak sendotzeko eta arautzeko. Borja Doval Sareen Sareko presidenteak eta Isidro Elezgarai UNICEF-Euskal Herriko Batzordeko presidenteak aliantza sinatu dute Bilbon, Sareen Sarearen egoitzan.
Hitzarmen berri horri esker, arautu egiten da azken urteotan dagoeneko ematen ari den lankidetza-harremana: bai elkarrizketa zibilaren esparruan eta Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaiaren esparruan, bai UNICEFek Sareen Sareko hainbat batzordetan parte hartzean. Azken kasu horretan, nazioarteko erakundeak Sareen Sarearen Haurren, Nerabeen eta Gazteen Eskubideen Batzordean parte hartu duela azpimarratu behar da.
Akordioak “eragile sozial eta instituzional guztiekin hitz egiteko gaitasuna duen Euskadiko Hirugarren Sektore Sozial bateratuagoa, indartsuagoa eta aitortuagoa” egituratzen laguntzen duela adierazi dute Sareen Sareak eta UNICEFek.
Bi erakundeetako presidenteek nabarmendu dute “etengabe eta modu sortzailean borrokatzeko konpromisoa indartzen dutela, gizarte kohesionatu, inklusibo, solidario eta parte-hartzailea sustatzeko. Pertsona guztien eskubideak berdin errespetatzen dituen gizartea, zaurgarrienei arreta berezia eskainiz, haurren kasuan bezala”.
Borja Doval Sareen Sareko presidenteak gogorarazi duenez,” lankidetza-hitzarmen berri honen bidez harreman egonkorreko esparru bat ezartzen da ongizate kolektiboarekin eta eraldaketa sozialarekin herritarren konpromiso aktiboa bultzatzeko”.
Bestalde, UNICEF-Euskal Herriko Batzordeko presidente Isidro Elezgaraik azpimarratu du “aurrera egin behar dugula gizarte kohesionatu batean, non haurren egoera kontuan hartuko den eta hauek gizarte-eraldaketa beraren partaide izango diren. Horregatik, elkarrekin egingo dugu aurrera, inor atzean ez uzteko”.
Haurren, Nerabeen eta Gazteen Eskubideen Batzordea
2020tik, UNICEFek eta haurren eremuan lan egiten duten Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko hainbat sarek lan egin dute Sareen Sareko Haurren, Nerabeen eta Gazteen Eskubideen Batzordean. Hirugarren sektore sozialeko sareen eta erakundeen arteko lankidetzarako gune bat da, Euskadiko haurren eta nerabeen eskubideen bermean aurrera egiteko. Horretarako, ekarpen esanguratsuak egiten dira haur eta nerabeei eragiten dieten politika publikoetan, erkidegoko, lurralde historikoko eta tokiko esparruetan. Ekarpen horiek guztiak, euskal haur eta nerabeen bizitzan benetako aldaketak eragitera bideratuta daude, Familiaren eta Haurren aldeko Euskal Ituna eta Haurren eta Nerabeen Legearen aurreproiektua oso kontuan hartuta.
Beste ekintza batzuen artean, Batzorde honek ekarpen garrantzitsuak egin ditu etorkizuneko Gazteriaren Euskal Legearen edo hurrengo Hezkuntzaren Euskal Legearen arauetara. Gazteen emantzipazioa bultzatzeko 2030erako Euskal Estrategia edo haurren eta nerabeen aurkako indarkeriaren aurkako Euskal Estrategia ere landu ditu, besteak beste.
Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala
Hirugarren Sektore Soziala irabazi-asmorik gabeko herri-ekimeneko erakundeek osatzen dute eta helburua da gizarteratzea eta zaurgarritasuneko edo bazterkeriako, babesgabetasuneko, desgaitasuneko eta/edo mendekotasuneko egoerak bizi dituzten pertsonen, familien, kolektiboen eta komunitateen eskubideak modu eragingarrian erabili ahal izaten bultzatzea.
Egun, 4.000 erakundetik gora osatzen dute, 40.000 lanpostu sortzen ditu, 160.000 boluntario baino gehiago daude eta Euskadiko % 2,4ko BPGren[1] baliokidea den bolumena kudeatzen du.
[1] 2021eko Barometroaren Txostena. Hirugarren Sektore Sozialaren Euskal Behatokia. 2021eko abendua.