Sareen Sareak lehendakarigaiekin izandako bileren argazkiak

Eusko Legebiltzarrerako 2024ko hauteskundeak

Sareen Sareak, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko sareak ordezkatzen dituen erakundeak, datozen Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkezten diren alderdi politikoei zuzendutako proposamenen dokumentu bat argitaratu du.

Proposamenek gizarte-ongizaterako eta garapen jasangarrirako funtsezko arloen sorta zabala biltzen dute, hala nola diskriminazio mota ororen aurkako borroka, pobreziaren eta gizarte-bazterkeriaren aurkako politikak indartzea eta oinarrizko eskubideak bermatzea. Dokumentuak, gainera, genero-berdintasunaren eta ekonomia sozial eta solidarioa bultzatzearen garrantzia azpimarratzen du.

“Euskadi inklusiboagoa eta solidarioagoa eraikitzeko gure proposamenak aintzat hartzea eta euren programetan txertatzea eskatu diegu alderdi politikoei”, adierazi du Soraia Chacón Sareen Sareko presidenteak. Proposamenen artea, honako hauek nabarmendu behar dira: Enpleguari buruzko Legea garatzea, lan duinak eta inklusiboak sustatzeko; onartu berri den Zainketen aldeko Euskal Ituna betetzeko beharrezkoak diren politikak hedatzea; Haur eta Nerabeen Lege berria erabat ezartzea; eta hezkuntza, osasuna edo etxebizitza bezalako funtsezko eskubideak modu unibertsalean eskuratzea bermatuko duten politikak bultzatzea.

Sareen Sareak hauteskunde-promesak gaindituko dituen konpromiso politiko baten beharra dagoela aldarrikatu du. Planeta eta giza eskubideak errespetatuko dituzten politika koherenteak eta jasangarriak bilatu behar direla azpimarratu du erakundeak, desberdintasunei aurre eginez eta gizarte osoak ongizate kolektiboan parte-hartze aktiboa izan dezan sustatuz. “Eusko Jaurlaritzaren eta Hirugarren Sektore Sozialaren arteko elkarrizketa eta lankidetza indartzea aldarrikatzen dugu, herritarrek parte hartzeko guneak sortuz, gizarte zibilak modu aktiboan lagundu ahal izan dezan politika publikoen ezarpenean”. Era berean, Hirugarren Sektore Sozialeko sare eta erakundeak baliabide egokiekin eta finantzaketa nahikoarekin hornitzearen garrantziaz ohartarazi du Sareen Sareak.

Bilerak lehendakarigaiekin

Testuinguru horretan, euskal gizartean aldaketa esanguratsu bat sustatzeko, Sareen Sareak bilerak egin ditu alderdi politiko nagusien ordezkari eta hautagaiekin: Alba García (Sumar Euskadi), Javier de Andrés (PP), Miren Gorrotxategi (Ahal Dugu), Eneko Andueza (PSE), Nerea Kortajarena (EH Bildu) eta Imanol Pradales (EAJ) barne. “Bilera hauetan, alderdi politikoek eskatuta, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko sareek aukera izan dugu gure proposamen-sorta kontrastatzeko eta euren hauteskunde-programak ezagutzeko”, azaldu du Soraia Chaconek. Proposamen horiek, Garapen Iraunkorreko Helburuetan eta 2030 Agendan oinarrituta, “inor atzean geratuko ez den etorkizun batekin Sareen Sareak duen konpromisoa islatzen dute”. Proposamenen dokumentu osoa Sareen Sarearen webgunean kontsulta daiteke.

 Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala eta Sareen Sarea

Hirugarren Sektore Soziala irabazi-asmorik gabeko herri-ekimeneko erakundeek osatzen dute eta helburua da gizarteratzea eta zaurgarritasuneko edo bazterkeriako, babesgabetasuneko, desgaitasuneko eta/edo mendekotasuneko egoerak bizi dituzten pertsonen, familien, kolektiboen eta komunitateen eskubideak modu eragingarrian erabili ahal izaten bultzatzea.

Egun, 4.200 erakunde baino gehiagok osatzen dute, 45.000 lanpostutik gora sortzen ditu, 170.000 boluntario inguru daude eta Euskadiko % 2,4ko BPGren[1] baliokidea den bolumena kudeatzen du.

Sareen Sarea elkartea 2014an sortu zen eta Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko 17 erakunde-sare biltzen ditu. Horiek guztiek hainbat esparru jorratzen dute: desgaitasuna, gizarteratzea, familia, adinekoak, haurrak, etorkinak, enplegurako zentro bereziak, ekonomia soziala, lan-munduratzeko enpresak edo garapenerako laguntza.

[1] Iturria: Hirugarren Sektore Sozialaren Euskal Behatokia

Gure proposamenak ezagutu

Liburuxka: 2024ko EAEko Hauteskundeetarako Sareen Sarearen proposamenak