Alokabiderekin adostutako proiektuak etxebizitzari lotutako arazo nagusiak identifikatzea eta Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren jardunbide egokien mapaketa ahalbidetuko ditu

Lankidetza estrategiko bati ekin diogu Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailarekin, etxebizitza-politika publikoak hobetzeko, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren (EHSS) parte-hartze aktiboaren bidez. Bilboko Mina Aretoa espazio berriaren inaugurazioaren esparruan Alokabiderekin sinatutako hitzarmena izan da. Hitzarmen hori Sareen Sareko presidente Soraia Chaconek eta Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburu Denis Itxasok sinatu dute.

Ekitaldian Alokabideko Zuzendari Nagusiak, Patricia Valek, eta Gizarte-laguntzako Zuzendariak, Leire Alvarez de Eulatek ere parte hartu dute. Era berean, bertan izan dira EHSSko hainbat sare eta Mina Aretoa ezagutzeko aukera izan dute, Alokabidek erabilera komunitarioetarako gaitutako erabilera anitzeko espazio berria, baliabide publiko eta sozialetarako eta auzoan eta bizilagunetan eragin positiboa duten jarduerak bultzatzen dituzten Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeentzat eskuragarri egongo dena.

Bileran, Denis Itxaso sailburuak azpimarratu du garrantzitsua dela etxebizitzak eraikitzera mugatu gabe komunitatea eraikitzearen aldeko apustua egingo duen etxebizitza-politika baterantz aurrera egitea. “Etxebizitzak baino gehiago, elkarrekin bizitzeko espazioak egiten ditugula pentsatzen dugu, indibidualismoari aurre egin eta loturak sortzeko”, adierazi du. Hirugarren Sektore Sozialak egoera ahulenean dauden pertsonei arreta emateko duen funtsezko zeregina ere aitortu du, entzuten eta elkarlanean jarraitzeko prest dagoela adieraziz.

Bestalde, Soraia Chaconek akordioaren izaera sinboliko eta eraldatzailea nabarmendu du, eta politika publikoak entzuketatik eta elkarrizketatik eraikitzeko beharra. “Hitzarmen bat sinatzeaz gain, lankidetza publiko-sozialari ateak irekitzen dizkiogu”, adierazi du. Sareen Sareko presidenteak Mina Aretoa espazio berria martxan jartzea ere eskertu du, “komunitatea sortzeko, sareak ehuntzeko eta ingurunea eraldatzeko aukera” dela azpimarratuz.

Kolektibo kalteberen beharrak identifikatuz

Sareen Sareak eta Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak abian jarriko duten proiektuaren helburua bikoitza da: alde batetik, kalteberatasun-egoeran dauden kolektiboen bizitegi-beharrak identifikatzea. Bestetik, EHSSko erakundeek garatutako jardunbide egokiak mapeatzea izango du xede, eremu horretan erreferentziatzat har daitezkeenak.

Sareen Sareak prozesu parte-hartzailea, intersekzionala eta maila anitzekoa jarriko du abian, eta bigarren mailako sareak, oinarrizko erakunde sozialak eta hartzaileak berak inplikatuko ditu. Talde-dinamikak, erakundeetako ordezkariekin bilerak eta galdetegi espezializatuak garatuko dira, arazo horiek bizi dituztenen parte-hartze zuzena bermatuz. Azken emaitza antzemandako beharrak eta gure sektoreko praktika eraginkorrenak eta berritzaileenak bilduko dituen txosten bat izango da.

Aurrerapauso bat etxebizitzarako eskubidean

Lankidetza hori Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialak eta Eusko Jaurlaritzak pertsona guztien eskubide sozialekin gizarte inklusiboagoa, kohesionatuagoa eta bidezkoagoa eraikitzeko duten konpromisoari erantzuten dio. Sareen Sareak eta Etxebizitza Sailak azpimarratu dute diagnostiko horrek balio handia ematen duela politika publikoak ikuspegi erreal, hurbil eta eraldatzailetik bideratzeko.