Dagoeneko 17 dira Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko sarean bildutako erakundeak
Otsailaren 23an ospatutako Ezohiko Batzar Nagusian, Umeekin federazioa Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko sarearen kide berri izatea onartu du Sareen Sareak. Haur eta Nerabe Minbizidunen Gurasoen Euskal Federakundearen sarrera aho batez onetsi dute Sareen Sareko kide guztiek.
Umeekin elkartearen sarrerarekin dagoeneko 17 dira Sareen Sarean bilduta dauden Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko sareak eta, beraz, minbizia duten adingabekoen familiak batu egin dira erakundea osatzen duten beste esparruetara.
Umeekin irabazi-asmorik gabeko erakundea da, 1997an sortua, EAEko hiru lurraldeetan dauden guraso-elkarteen ekimenez: ASPANAFOA Araban, ASPANOGI Gipuzkoan eta ASPANOVAS Bizkaian. Federakundearen helburu orokorra ahalik eta baliabide gehien sustatzea eta garatzea da, Euskal Autonomia Erkidegoan minbizia duten adingabeek diagnostikatu, tratatu eta sendatzeko ahal diren aukera gehien izan ditzaten, bizi-kalitaterik handienarekin.
Horretarako, guraso federatuen elkarteen lana bultzatu eta koordinatzen du. Halaber, haurren, nerabeen eta euren familien egoera hobea lortzen laguntzen duten jarduerak bultzatzen ditu medikuntzaren, psikologiaren, gizartearen eta hezkuntzaren arloetan.
Ainhoa Fernandezek, minbizia duten adingabeen familia-elkarteak ordezkatuko ditu Sareen Sarean. “Ilusioz eta ekarpenak egiteko gogoz sartzen gara, elkarrengandik ikasiz eta sarean lan eginez, Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala indartzeko helburuari ekiteko” adierazi du Fernandezek.
Bestalde, Borja Doval Sareen Sareko presidenteak ongi etorria eman dio Umeekin federakundeari: ““Gizarte-eremu desberdinetako eragileak batzen jarraitzen dugu, sektorea indartzeko eta Euskadi inklusiboagoa, bidezkoagoa, solidarioagoa eta parte-hartzaileagoa sustatzeko.” nabarmendu du Dovalek” nabarmendu du Dovalek.
Sareen Sarea eta Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala
Sareen Sarea elkartea 2014an sortu zen eta Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko 17 erakunde-sare biltzen ditu. Horiek guztiek hainbat esparru jorratzen dute: desgaitasuna, gizarteratzea, familia, adinekoak, haurrak, etorkinak, enplegurako zentro bereziak, ekonomia soziala, lan-munduratzeko enpresak edo garapenerako laguntza.
Hirugarren Sektore Soziala irabazi-asmorik gabeko herri-ekimeneko erakundeek osatzen dute eta helburua da gizarteratzea eta zaurgarritasuneko edo bazterkeriako, babesgabetasuneko, desgaitasuneko eta/edo mendekotasuneko egoerak bizi dituzten pertsonen, familien, kolektiboen eta komunitateen eskubideak modu eragingarrian erabili ahal izaten bultzatzea.
Egun, 4.000 erakundetik gora osatzen dute, 40.000 lanpostu sortzen ditu, 160.000 boluntario baino gehiago daude eta Euskadiko % 2,4ko BPGren[1] baliokidea den bolumena kudeatzen du.
[1]2021eko Barometroaren Txostena. Hirugarren Sektore Sozialaren Euskal Behatokia. 2021eko abendua.