Krisiaren aurrean sektoreak duen funtsezko eginkizuna aitortzea eta haren ekarpen soziala indartuko duten finantzaketa-neurri osagarriak aldarrikatzen dute erakundeek
Sareen Sareak proposamen estrategikoak biltzen dituen dokumentu bat aurkeztu du, Covid-19ren krisiak Euskadiko erakunde sozialetan sortutako ondorioei aurre egiteko helburuarekin.
Dokumentu hori Eusko Jaurlaritzari, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburuaren bitartez eta Eusko Legebiltzarreko alderdi politikoen ordezkariei bidali diegu, pandemiaren eragin sozialari erantzuteko proposamenak helarazteko.
Hirugarren Sektore Sozialak ezinbesteko zerbitzuak ematen ditu eta pertsona zaurgarrienak babesten ditu. Euskadiko erakunde sozialek lan handia eta funtsezkoa egiten dute gizarte-ongizatea garatzeko eta gure sektorea funtsezkoa eta ordezkaezina da, botere publikoei pandemiaren ondorio negatiboak murrizten laguntzen baitie. Gure lana ezinbestekoa da, baina baliabideak behar ditugu segurtasun osoz egiten jarraitzeko.
Estrategiak agerian uzten du Covid-19ren krisiak Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeetan izan duen eragina. Erakundeek aldaketa handiei aurre egin behar izan dizkiete euren zerbitzu eta jardueretan. Izan ere, pandemia hasi zenetik zerbitzu berriak sortu, itxi edo egokitu behar izan dituzte erakunde askok.
Pandemiak hartzaileengan izan dituen ondorio negatiboak ere jasotzen ditu dokumentuak. Konfinamenduaren ondoriozko arazoak, baliabide ekonomikoen faltarekin lotutakoekin batera, bereziki pertsona zaurgarrienei eragin dietenak. Dokumentuan hainbat arazo identifikatzen dira, hala nola etxean arreta falta izatea, nahi gabeko bakardadea, enplegua galtzea, etxebizitza-bazterketako arazoak edo pobrezia areagotzea.
Horregatik guztiagatik, pandemiaren eragin sozioekonomikoa konpontzeko proposamen sorta bat aurkeztu dugu. Ezinbestekoa da oinarri sendo bat finkatzea gizarte-ekimeneko erakundeentzat, etorkizuneko egitura ekonomiko egonkorra eta nahikoa ahalbidetzeko eta berme guztiekin milaka pertsona artatzen jarraitzeko.
Hirugarren Sektore Sozialak Eusko Jaurlaritzari helarazi dizkion eskaeren artean, honako hauek nabarmentzen dira: erakundeei krisiari erantzuteko behar dituzten baliabideak ematea, sektore soziala pandemiaren kudeaketan funtsezko zerbitzu gisa aitortzea eta gobernantzako maila guztiekin elkarrizketa zibilerako konpromisoa hartzea (autonomia, foru zein udal mailetan).
Pertsona eta kolektibo kalteberei zuzendutako neurriei dagokienez, hogei bat proposamen zehaztu ditu Sareen Sareak, garapen sozial eta jasangarriago bat sustatzeko oinarrizko printzipioetan oinarrituta. Inor ez da atzean geratu behar krisi honetan eta babes soziala behar duten pertsona eta familia guztien eskura egon behar dira hirugarren sektoreko erakundeek eskaintzen dituzten prestazio sozialak.
Txerto soziala
Hirugarren Sektore Sozialak Covid-19ren eraginaren aurrean prestatu duen estrategiarekin batera, sentsibilizazio kanpaina bat hasiko dugu, “Pandemiaren aurkako txerto soziala gara” lelopean. Euskadiko erakunde sozialek ematen duten balioa ikusaraztea da helburua, baita horiek indartzeko beharra ere, krisiaren ondorioei aurre egin ahal izateko.
Hirugarren sektorea zenbakitan
Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala ia 4.000 erakundek osatzen dute. Horiek, 138.600 boluntario dituzte eta 38.525 profesionali ematen diete lana. Erakundeek 1.736 milioi euro kudeatzen dute, hau da, EAEko BPGaren % 2,3.
Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko sareak biltzen dituen elkartea da Sareen Sarea. Gaur egun, 16 euskal sare ordezkatzen ditu, hainbat gizarte esparrutakoak: garapenerako lankidetza, gizarteratzea, adinekoak, desgaitasuna, familia ugariak, aisialdi soziohezitzailea gazteekin eta haurrekin, eta ekonomia soziala eta solidarioa, besteak beste.