Helburua da erkidegoko udalerri handietan modu esanguratsuan murriztea –gutxienez %20– kalean lo egiten duen pertsona-kopurua
Eusko Jaurlaritzak, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren, Osasun Sailaren eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren bidez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek, EUDELek eta Bilboko, Vitoria-Gasteizko, Donostia-San Sebastiango, Barakaldoko, Getxoko, Portugaleteko, Irungo, Santurtziko eta Laudioko udalek, gaur, erakunde arteko akordioa sinatu dute, 2018-2021rako Etxegabeentzako Euskal Estrategia garatzeko. Horren bidez, nabarmen murriztuko da –gutxienez % 20– kalean, Euskadiko udalerri handietan, lo egiten duen pertsona-kopuruak, 2020rako. Horretarako, pertsona horiei laguntza emateko politika integralak garatuko dira.
Gasteizen egindako ekitaldian, Pablo González Sareen Sareko presidenteak hitz egin zuen, eta entzuleen aurrean hauxe azpimarratu zuen: “Garapen iraunkorraren 2030 agendaren helburuak bat datoz partekatzen ditugun balioekin eta eredu sozialarekin, eta hirugarren sektorean propiotzat hartu eta sustatu egiten ditugu”.
Estrategia horretarako, aurretik Euskadiko etxegabeen ezaugarriak eta beharrak aztertu dira, euskal erkidegoan ezarritako arreta-sistemaren indarguneak eta ahuluneak, eta, halaber, inguruneko herrialdeetan bizitegi-bazterketaren aurrean esku hartzeko ereduak hartu dira kontuan.
Dokumentu honi atxikitzea borondatezkoa eta loteslea da. Orientatzailea da dokumentua; izan ere, tartean diren erakundeen jarduketa zentzu jakin batean orientatzeko prestatu da. Gida gisa antolatu nahi da, aurretik adostutako printzipio, helburu eta jarraibide batzuekin; horiek, aurrerantzean, erakundeek adostuko dituzte, jarduketa zehatzetan.
“Etxegabeak, gaua eta eguna hirietako kaleetan ematen dutenak, bizitegi-bazterketaren modurik agerikoenen eta gordinenen erakusle direlako” ideia partekatzen dute erakundeek eta, ondorioz, estrategia prestatzeko aurretiko lana bateratu dute eta, horretarako, Euskadiko etxegabetasunari buruzko diagnostikoa izan dute.
Ondorio nagusietako bat izan da “oraindik egozten zaien irudi estereotipatua gorabehera, etxegabeak ez direla talde homogeneoa, ez dituztela ezaugarri egonkorrak denboran”. Etxegabetasuna lau kausa-multzo handien arteko elkarreragin dinamikoaren ondorioz sortutako prozesua da –egiturazkoak, instituzionalak, erlazionalak eta pertsonalak–, eta horiek, normalean, aldi berean edo elkarren artean konbinatuta ageri dira.
Estrategia
Euskadi ez da hutsetik hasi; izan ere, esperientzia handia du pertsona horien babeserako ekintzetan, erakunde publikoen inplikazioari esker, bai eta hirugarren euskal sektore sozialaren erakundeei esker ere. Horrela, Estatuan, ostatu-plazak betetzeari dagokionez, buru da autonomia-erkidegoen artean; guztira, 47 milioi euro bideratzen ditu urtean, etxegabeei arreta ematera.
Estrategia berri horren bidez, urrats berriak emango dira. Erakunde sinatzaile bakoitzak 12 hileko epea du bere plana diseinatzeko, Estrategian adostutako jarraibideak gauzatzeko jarduketa zehatzekin. Jarduketa horiek berriak edo beste batzuen jarraipenak izan daitezke, eta tartean den erakunde bakoitzak banaka edo erakunde baten edo gehiagoren arteko lankidetza-akordioen bidez egin daitezke; horrela, besteak beste, osasuneko, enpleguko, etxebizitzako edo diru-sarreren bermerako arloen arteko lankidetzan oinarrituta garatu daitezke jarduketak.
Estrategia honen helburu orokorrak honako hauek dira:
- Etxegabetasuna prebenitzeko politikak sendotzea.
- Euskadin etxegabeentzako egungo arreta-eredua berrorientatzea, pertsona oinarri duen eta etxebizitzara orientatzen den arreta-eredua sortzeko.
- EAEko Gizarte Zerbitzuen Maparen zabalkundearekin amaitzea eta, horretarako, lurraldeetan baliabideen banaketa egokia egiten dela bermatzea, eta, bereziki, gizarte-bazterketarako egoeran edo arriskuan dauden pertsonentzako lehen mailako arretarako gizarte-zerbitzuak sendotzea, gizarte- eta hezkuntza-arloko eta arlo psikosozialeko kasuak eta esku-hartzeak kudeatzeko eginkizunei dagokienez eta ostatu-zerbitzuei eta goizeko eta gaueko harrera-zerbitzuei dagokienez.
- Etxegabeek, osasun-eremuan, diru-sarrerak bermatzeko eremuan eta lan-aktibazioaren eremuan dituzten eskubideetara jotzen dutela bermatzea, bizitokia edozein dutela ere.
- Premia bereziak dituzten etxegabeei ematen zaien arreta hobetzea eta, zehazki, bizitegi-bazterketa larrian dauden emakumeei ematen zaiena.
- Etxegabeen problematikaren inguruko ezagutza koordinatzeko, ebaluatzeko eta kudeatzeko gailuak hobetzea.
- Fenomeno horren gizarte-pertzepzioan eragitea, eragile komunitarioen inplikazioa sendotzea egoera horiei heltzeko eta pertsona horiek jasan ohi dituzten biktimizazio-egoerak prebenitzea.
Estrategiak 50 jarduketa zehatz proposatzen ditu, eta horiek bederatzi ekintza-ardatz nagusien inguruan antolatzen dira.