Eusko Jaurlaritzaren, Sareen Sarearen eta Innobasqueren arteko elkarlanaren emaitza da ikerlana
2020an lankidetza-prozesu bati ekin genion Eusko Jaurlaritzaren, Sareen Sarearen eta Innobasqueren artean, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialean berrikuntza-prozesuak ezagutu eta bultzatzeko helburuarekin.
Lehenengo urratsa, EHSSko erakundeen hizkuntzara eta errealitatera enpresentzako galdetegi bat egokitzea izan zen, Osloko Eskuliburuan oinarrituta. Tresna hori Europan erabiltzen da enpresa txiki eta ertainen (ETE) berrikuntza ebaluatzeko eta, era berean, euskal ehun sozioekonomikoaren beste sektore batzuekin konparatutako azterketa bat egiteko aukera ematen du. Horretarako, bi tailerretan lan egin genuen eta sektoreko hainbat esparrutako hogeita hamar bat erakundek parte hartu zuten, berrikuntzan esperientziaren bat zutenak eta tamaina eta lurralde desberdinetakoak.
Ondoren, Innobasquek galdetegiarekin elkarrizketak egin ditu, erakundeen berrikuntza-profila zehazteko. Horrekin, EHSSko erakundeen kultura eta berrikuntza-prozesuak identifikatzea eta aztertzea helburu duen txosten bat egin da. Duela gutxi, txostenaren emaitzak aurkeztu dizkiegu prozesuan parte hartu duten erakunde eta sareei. Sektorearen irudi positiboa ondorioztatzen da dokumentuan, berrikuntza kudeatzen duten, berritzeko gaitasuna duten eta horretarako baliabideak eskaintzen dituzten erakundeen ehuneko handi bat erakutsiz.
Aurkezpenean, hirugarren tailer bat egin da, EHSSko erakundeen berrikuntza prozesu eta ekimenei buruzko ibilbide-orri bat zehazteko (zailtasunak, faktore bultzatzaileak, etab.) eta sektorearen berrikuntzan aurrera egiten jarraitzeko helburuak eta tresnak ezartzeko. Hori guztia aurkezteko jardunaldi ireki bat antolatzea aurreikusi da eta horren berri emango dugu unea iristen denean.
Txostena eta ondorioak gure webguneko mediatekan kontsulta daitezke. Dokumentuak honako esteka hauetatik deskarga ditzakezu: