Kataluniako Hirugarren Sektore Sozialaren lege berriaren harira
Kataluniako hirugarren sektore sozialeko legearen tramitazioa dela eta, Sareen Sareko koordinatzaileak Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko Legearen funtsezko ezaugarriak aurkeztu ditu Kataluniako Parlamentuan. Gure legea, 2016ko maiatzaren 12an onartua, aitzindaria izan zen Estatuan, eta erreferente gisa balio du Katalunian onartuko den araurako. Eskubide Sozialen Batzordean egin dugun aurkezpena Kataluniako hirugarren sektore sozialaren legearen proposamenaren inguruan gaur egun dagoen eztabaidaren testuinguruan kokatzen da.
Hirugarren Sektore Sozialari aitortza
Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialari (EHSS) aitortza juridikoa emateagatik nabarmentzen da EAEko legea, gizarteratzearen sustapenean eta kolektibo kalteberei laguntzean duen zeregin erabakigarria azpimarratuz. Bere azalpenean, Sareen Sareko koordinatzaileak Legeak EHSS positiboki definitzen duela azpimarratu du, ez bakarrik gizarte-ekimeneko erakundeen berezko ezaugarriengatik, baizik eta esku-hartze sozialean eta interes orokorrean duen misio aktiboagatik.
Euskadiko Legean Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeek euskal gizarteari egindako ekarpen historikoa aitortzeaz gain, erakunde horien helburu nagusia balioesten da.
Era berean, Euskadiko Legean Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeek euskal gizarteari egindako ekarpen historikoa aitortzen da, eta erakunde horien helburu nagusia balioesten da (gizarteratzea, garapenerako lankidetza, herritar guztien eskubideak aitortzea eta eskubide horiek benetan baliatzea sustatzea, bereziki pertsona eta kolektibo ahulenen kasuan).
Elkarrizketa zibila eta lankidetza publiko-soziala
Bestalde, sektore publikoaren eta EHSSko erakundeen artean ezarritako elkarrizketa zibil egituratua legearen oinarrietako bat dela nabarmendu du Mikel Barturenek. “Elkarrizketa hori lankidetza-prozesu aktibo gisa ulertzen da politika publikoen etapa guztietan, diseinutik hasi eta ebaluaziora arte, elkarreragin eraginkorra eta benetakoa bermatuz”, azaldu du Sareen Sareko koordinatzaileak.
Elkarrizketa Zibila lankidetza-prozesu aktibo gisa ulertzen da politika publikoen etapa guztietan, elkarreragin eraginkorra eta benetakoa bermatuz.
Legearen beste alderdi garrantzitsu bat lankidetza publiko-sozial sendoa sustatzea da, bereziki erantzukizun publikoko zerbitzuen kudeaketan. Barturenek Legeak alor honetan duen beste alderdi garrantzitsu bat azaldu du: lankidetza hori gauzatzeko tresnak aitortzea. Alde batetik, Gizarte Zerbitzuen Legean aurreikusitako itunpeko araubide bereizia aitortzen da erantzukizun publikoko zerbitzuen hornidurari dagokionez. Eta, bestetik, EHSSren Legeak Gizarte Zerbitzuen Legean aurreikusitako lankidetzako hitzarmenak eta akordioak onartzen ditu, interes orokorreko beste jarduera sozial batzuen hornidurari estaldura emateko.
Sektorearen sustapena eta finantzaketa
Gainera, Sareen Sareko koordinatzaileak EHSS sustatzeko estrategia ere aurkeztu du Kataluniako Parlamentuko Eskubide Sozialen Batzordean. Lau urtean behin berritzen den estrategia horrek sektorea sustatzeko ekintza zehatzak biltzen ditu, hala nola azpiegiturak babestea eta jarduera ekonomikoa sustatzea, betiere toki-erakundeetan (foru-aldundiak eta udalak) garatutako estrategiekin koordinatuta.
Legeak sektorearen eta bere erakundeen finantzaketari buruzko zehaztapen gehiago izan beharko lituzke.
Bere azalpenari amaiera emateko, Barturenek Legeak finantza-plangintza zehatzagoa behar duela nabarmendu du. Nahiz eta EHSSren partetik legea positiboki baloratu den, sektorearen eta bere erakundeen finantzaketari buruzko zehaztapen gehiago izan beharko lituzkeela aipatu du Sareen Sareko koordinatzaileak.