Hogei bat erakundek parte hartuko dute Euskadin berrikuntza soziala sustatzeko prozesuan
Innobasquek, Sareen Sareak eta Eusko Jaurlaritzak tailer parte-hartzaileak antolatu dituzte, Euskadin berrikuntza soziala sustatzeko ekimenak ezagutu eta diseinatzeko helburuarekin.
Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko hogei bat erakundek, tamaina eta eremu sozial desberdinetakoak, gizarte-berrikuntzari buruzko lehenengo partaidetza-saioetan parte hartu dute. Gaurko online-jardunaldia hasi aurretik, prozesua aurkeztu eta testuinguruan kokatu dute Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako Saileko sailburuorde Lide Amilibiak eta Sareen Sareako koordinatzaile Mikel Barturenek.
Saioa hasteko, Goizalde Atxutegik, Innobasqueko berrikuntza publikoko proiektuen arduradunak, berrikuntzari buruzko azalpen orokor bat eman die parte-hartzaileei. Bestalde, Toni Codinak, gizarte-ekintzaren berrikuntzarako Kataluniako Fundació iSocialeko zuzendariak, hirugarren sektore sozialari zuzendutako berariazko azalpena eman du.
Lehen saio honetan berrikuntza sozialaren balioa azpimarratu da; izan ere, hirugarren sektore sozialean berritzeko azken arrazoia ez txikia, gizartea eraldatzea baizik. Zentzu horretan, berrikuntza ezagutzan (ez soilik zientifikoan) oinarritutako eta balioa (ez soilik ekonomikoa) sortzen duen aldaketa (ez soilik teknologikoa) oro bezala ulertu behar da.
Prozesua hiru fasetan
Gaur hasi den prozesu honek hiru fase ditu, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialean berrikuntza sustatzeko ekimenak pilotatzea helburu dutenak. Gaurko saio parte-hartzailearen ondoren, bigarren jardunaldi bat egingo da abenduan. Horrekin, lehen fasea amaituko da, sektoreko berrikuntzari buruzko esparru bat eraikitzeko. Bigarren fasea 2021eko urtarriletik ekainera bitartean egingo da, eta bertan, datuak biltzeko probatze-prozesu bat jarriko da martxan. Datorren urteko azken seihilekoan, gizarte-berrikuntzarako ekimenen baterako diseinuarekin eta pilotajearekin amaituko da.