150 pertsona baino gehiago izan ziren Eusko Jaurlaritzak antolatutako Euskadiko Hirugarren Gizarte Sektoreari buruzko Legearen aurkezpen-jardunaldian. Ekitaldia Lakuako areto nagusian burutu zen eta bertan izan ziren sektoreko sare eta erakunde ezberdinetako ordezkariak, toki, foru zein erkidego mailako administrazioetako kargu tekniko eta politikoak, izapide-aldian lege-testua negoziatu duten talde parlamentarietako kideak eta ekitaldira gonbidatutako beste zenbait gizarte eragiletako ordezkariak.
Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailburuak eta Gonzalo Rodriguez Aguirregoitiak, Sareen Sareko zein Elkarrizketa Zibileko Mahaiko presidenteak, inauguratu zuten jardunaldia. Ekitaldia atal ezberdinetan bereizi zen: lehenengo Legearen oinarrien aurkezpena egin zen; ondoren, egindako ekarpenen zentzua azaltzeko aukera izan zuten arauaren tramitazioan esku hartu duten legebiltzarkideek; eta, azkenik, hirugarren gizarte sektorearen eta erakundeen arteko lankidetzari buruzko mahai-ingurua egin zuten instituzioetako eta sektoreko sareen ordezkariek.
Sailburuak nabarmendu zuenez, “Euskadiko hirugarren gizarte sektoreak gizarte bidezko, solidario, kohesionatu eta parte-hartzaileago bat eraikitzera bidean egiten duen lanaren aitortza da” Lege hau. Eta Sareen Sareko presidenteak, bere aldetik, “gizarte sektorearentzako estatutu juridiko bat izatearen garrantzia” azpimarratu nahi izan zuen.