Etxebizitza arloko Bazterkeria kasu larrien inguruko Estrategia lantzeko talde bat ere eratuko da
Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaia Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren (EHSS) sareek eta Autonomia Erkidegoko Administrazioak osatutako organoa da. Helburua zera da: Eusko Jaurlaritzaren eta hirugarren sektore sozialaren arteko harremanak sustatu eta erraztea.
Atzo egindako bileran Gobernuaren eta EHSSren arteko bi batzorde eratzea erabaki zuten; batetik, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta hobetzeko (DBE); eta, bestetik, Etxebizitza arloko Bazterkeria egoera larrien inguruko Estrategia lantzeko.
DBEren kasuan, Enplegu eta Gizarte Politika Saileko Beatriz Artolazabalek “Diru-sarrerak bermatzeko Errenta hobetzeko oinarrien dokumentua” aurkeztu zuen maiatzaren 31n, Eusko Legebiltzarreko Enplegu, Gizarte Politika eta Gazteria Batzordean. Dokumentu irekia da, aztertu eta proposamenak egiteko, Diru-sarrerak bermatzeko eta Gizarteratzerako 18/2008 Legea aldatzeko.
Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaiak atzo egindako bileran, Sareen Sareak 15 orrialdeko dokumentu bat aurkeztu zuen, hori ere irekia. Horren bidez balioa eman zaio gizarte babeserako sistema horri; gabeziak errepasatu dira eta banaka-banaka aztertu dira Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako oinarrizko dokumentuan proposatutakoak.
Sareen Sareak egindako dokumentuaren bidez eskatu da Jaurlaritzaren eta EHSSren arteko batzorde misto bat; eskaera hori ontzat eman zuen Sailburuak, bileran egon zenak, eta EEZMko kide guztiak.
Artolazabalek gogorarazi zuen DBEren hobekuntzaren inguruko eztabaida Legebiltzarrean garatuko dela eta Jaurlaritzak 2018ko lehen hiruhilekorako lege proiektu bat aurkezteko konpromisoa duela.
Etxebizitza arloko bazterkeria
Elkarrizketa Zibilerako Mahaiaren bilera berean, eta oraingoan aholkularitzak hala eskatuta, beste lan batzorde misto bat sortzea erabaki zen, Etxebizitza arloko Bazterkeria larriaren inguruko Estrategia lantzeko. Sailburuak esan zuen moduan, ia amaituta dago, eta Etxebizitza Sailak egin beharreko ekarpen batzuk baino ez dira falta.
Batzorde horrek, gainera, estrategia betearaztea izango du helburu, dokumentuan jasotzen diren jarduera-ildoen bidez hartutako konpromisoak betetzen direla egiaztatzeko. Udazkenean onartzea aurreikusi da.