EHSSko erakundeok aldaketara egokitzeko gaitasun handia erakutsi dugu, eta erantzun arinak eman ditugu pandemiaren aurrean
Borja Doval, Sareen Sareako presidentearen iritzi artikulua, 2021eko Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Egunaren harira.
Maiatzaren 12an, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Eguna ospatu dugu. Egun horretan, gizarte bidezkoago, solidarioago eta kohesionatuago baterantz aurrera egiten laguntzen duen gizarte-ehundurak duen garrantzia ospatu eta ikusarazten du gizarte-zibil antolatuak. Lan hori, baina, erakunde publikoekin eta bestelako agenteekin lankidetzan arituz egiten dugu. Iaz, ezin izan ginen elkartu, mundua astindu duen krisi sanitarioaren ondorioz. Aurten, ordea, gaur egungo inguruabarretara egokituta, gure eguna ospatuko dugu, eta gizarte osoarekin partekatuko dugu ospakizun hori, sare sozialen bidez.
Hala izatea nahi ez genuen arren, pandemiak toki handia hartzen jarraitzen du gure bizitzetan. Gaurko egunean, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren presentzia eta erresilientzia aldarrikatu nahi ditugu, ahal izan duen guztia eman baitu gizartearekin duen konpromisoa betetzeko. Pertsona zaurgarrienak babesten dituen funtsezko sektorea gara. Krisi guztietan, baita honetan ere, gizarte-erakundeen lana egundokoa eta ezinbestekoa izaten da, gizarteak ahalik eta ongizate-maila onenarekin gizarte izaten jarrai dezan. Kalean egiten dugun lanari esker, zuzenean ikusten dugu zein den pandemiak eragindako arazoen benetako irismena.
Betiko irtenbideei bakarrik heltzeak ez du krisi-testuinguruetarako balio. Pandemia honek agerian jarri du hori, eta Euskadiko gizarte-erakundeok (ia 4.000 gara) aldaketetara egokitzeko gaitasun handia dugula erakutsi dugu, erantzun azkarrak eman baititugu etengabe aldatzen ari den agertoki honetan. Berehalako eta premiazko erantzunak prestatu behar izan ditugu gizarte-premia berriei arreta emateko, eta, era berean, lehendik egunez egun eskaintzen genituen erantzunak ematen jarraitu dugu, krisiaren ondorioz larriagotu diren egoerei aurre egiteko. Gure sektorean, 38.000 profesionalek eta 138.000 boluntariok baino gehiagok ematen diote beren onena gizarteari, gaur eta beti.
Pandemiak aurrekaririk gabeko krisi sanitario, sozial eta ekonomikoa eragin du, eta, horrekin, pobreziaren eta desberdinkerien mailak gora egin du, gizarte-garapenean atzera egiteaz batera. Egoera berri honek are gogorrago kolpatu ditu pertsona, familia eta kolektibo zaurgarrienak. Alabaina, krisiak arreta emateko eta esku hartzeko modu berriak abiarazteko aukerak sortu ditu, gizarte bidezkoago, solidarioago, inklusiboago eta kohesionatuago baterantz aurrera egiteko.
Aukera horiekin batera, baina, zailtasun handiak etorri dira antolakundeentzat, eta askoren iraunkortasuna arriskuan dago. Iaz, gizarte-erakundeen arreta-zerbitzuen % 80k baino gehiagok aldaketak egin behar izan zituzten, edo beren norabidea birpentsatu. Berritze- eta egokitze-testuinguru honetan, hirugarren sektore sozialeko antolakundeok gizarte-berrikuntzako proiektuak sortu ditugu, eta ez alferrik: aitzindariak gara gero eta hedatuago dauden esku-hartzeko ereduetan. Denbora honetan, beti egin izan dugun moduan, pertsonak erdigunean jarri ditugu, bizi-kalitatean, konpromiso etikoan eta kudeaketa aurreratuan oinarrituta.
Pandemiaren unerik gogorrenean, berehalako arazoei aurre egiteko orduan erakutsi behar izan dugu erresilientzia; orain, berriz, erronka sozial eta ekonomikoetara egokitzea dagokigu, erantzun eraldatzaile eta egiturazkoak ematen jarraitu nahi badugu. COVID-19aren inpaktuak gogor jipoitu duen gizartea berreraiki behar dugu. Gizarte-babeserako sistemak, arrisku sozialen ondorio txarrak deuseztatu ez ezik, ondorio horiek prebenitzeko mekanismoak garatu ere egin behar ditu.
Besteak beste, honako erronka sozial hauek jorratu behar dira: Europako herrialde aurreratuenen estandarrekin bat egingo duen zaintza-politika baterantz igarotzea; genero-arrakala eta arrakala digitala deuseztatzea; nahi ez den bakardadearen detekzioa sustatzea, bakardade hori prebenitzea eta bakarrik daudenei laguntzea; enplegu-suntsiketaren ondorioei arreta ematea; herririk zaurgarrienekiko lankidetzan aurrera egitea; bazterkeriari eta pobreziari eraginkortasunez aurre egitea; oztopoak kentzea eta gizarte inklusiboagoa eraikitzea.
Pandemia-urte honetan, sektore soziala eta administrazio publikoak elkarlanean aritzeko jarduera onak entseatu ditugu. Bada, behar-beharrezkoa da bide horretan sakontzen jarraitzea. Era berean, erakunde publikoek oinarri solidoa bermatu behar dute, gizarte-ekimeneko erakundeek etorkizunean egitura ekonomiko egonkor eta nahikoa izateko moduko oinarri solidoa bermatu ere, familien eta kolektiboen aniztasunari berme eta kaudimen berberekin erantzuten jarraitu ahal izan diezaioten.
Aliantzak eta sareko lana ezinbestekoak dira krisi honen eta etor daitezkeenen inpaktuari eusten jarraitu eta garapen erresiliente, inklusibo eta eraldatzaile baten alde lan egiteko. Gizartea bidezkoagoa, solidarioagoa, inklusiboagoa eta kohesionatuagoa izan dadin lanean jarraitzen dugu, eskubideen defentsatik abiatuta beti.
Borja Doval Fernández-Cormenzana, Sareen Sareako presidentea