Soraia Chacón Sareen Sareko presidentearen iritzi artikulua
Urtero, maiatzaren 12an, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Eguna ospatzen dugu. Egun horretan, pertsona guztien bizitza hobetzeko eta, bereziki, kalteberenen bizitza hobetzeko gizarte-ekimenetik sortutako 4.200 erakunde baino gehiagok gizarteari ematen dioten balioa aitortzen dugu. Erakunde horiek 170.000 boluntario ingururen partaidetza aktibo eta solidarioa bideratzen dute, 45.000 pertsona baino gehiago enplegatzen dituzte eta euskal BPGren %2,4ko bolumen ekonomikoa kudeatzen dute, Hirugarren Sektore Sozialaren Euskal Behatokiak egindako azken Barometroaren (2023) datuen arabera. Aurten, “Aldaketa eraikitzen” lelopean, gure sektorearen indar eraldatzailea nabarmendu nahi dugu, Euskadiko gizarte-kohesiorako funtsezko pieza dela aldarrikatzen baitugu.
Duela gutxiko hauteskunde autonomikoetan, Euskadin eskubide ekonomiko eta sozialak indartzeko eta sendotzeko proposamen sorta bat aurkeztu genien lehendakarigaiei. Besteak beste, zaintza publiko eta komunitarioko eredu bat sortzea, autonomia pertsonala sustatzeko, bizitzaren etapa guztietan pertsona bakoitzaren eskubideak eta bizi-proiektua erdigunean jartzeko, genero-ikuspegiarekin eta ikuspegi intersekzionalarekin. Zentzu horretan, Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaiaren esparruan, 2023ko abenduan “Etorkizunean Zainketen aldeko Herri Itun bati buruzko Akordioa” sinatu genuen Eusko Jaurlaritzarekin.
Erronka hori handinahia bezain beharrezkoa da, eta horren gainean lan egin beharko dute Eusko Legebiltzarrak eta Eusko Jaurlaritzak datozen urteetan. Erronka horretan aurrera egiteko, beharrezkoa da akordio politiko, sozial eta instituzional handiak eraikitzea. Era berean, ezinbestekoa da gizarteak, oro har, eta gizarte zibil antolatuak, bereziki, parte hartzea eta atxikitzea, eta, horretarako, erabateko prestutasuna dugu elkarrizketa zibilaren esparruan.
Azken urtean, Sareen Sareak Garapen Jasangarrirako Helburuen aldeko Euskal Aliantza ere sinatu du, 2030 Agendaren garapenean erakundeen eta gizarte-eragileen arteko lankidetza-esparruak indartzeko. Gizartea, ekonomia, kultura eta gure planetako natura eta bizitza eraldatzeko helburuekin hartutako konpromisoari jarraiki, gure lana areagotu dugu.
Halaber, hurrengo Jaurlaritzaren konpromiso handia behar da, ikuspegi horiek bere politika guztietan txertatzen direla bermatzeko. Baita garapen jasangarrirako politiken koherentzia-begirada bat hartzeko konpromisoa behar da ere, politika publikoek planeten mugak errespetatzen dituztela, giza eskubide guztiak betetzen eta bermatzen dituztela eta Euskadin eta Euskaditik kanpo desberdintasunak desagerraraztera bideratzen direla ziurtatzeko.
Boluntariotzaren Euskal Kontseiluaren txosten berriak eta Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Barometroaren datuek erakusten dutenez, hirugarren sektoreko erakundeen oinarri soziala handitzea eskuzabaltasunez eta askatasunez erabaki duten pertsonen kopuruak nabarmen egin du gora. Eta adierazi dute, halaber, gazteria konprometitua dugula, parte hartzeko grina duena eta boluntariotzak gorpuzten duen herritartasun aktibo, solidario eta antolatuaren ereduari erantzuten diona. Borondatezko bultzada horrek gure sektorearen oinarri soziala indartzen du eta agerian uzten du, erronka eta behar sozial berrien aurrean, gizarte zibila aktibatu egiten dela eta bere ekarpena beste pertsona batzuenei gehitzen zaiela ariketa kolektibo batean.
Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialak berebiziko garrantzia du herritarren parte-hartzea eta gizarte-sentsibilizazioa sustatzeko. Aktiboki bultzatzen dugu pertsonen eskubideen aintzatespena eta erabilera, haiei eragiten dieten politiken diseinuan eta erantzukizun publikoko zerbitzuen horniduran parte hartzea sustatuz.
Gure erakundeak eta sareak indartzeko, haien gizarte-ekarpena bultzatzeko eta haien funtzioak garatzeko, ezinbestekoa da haien iraunkortasuna indartzea eta babestea. Hirugarren Sektore Sozialak finantzaketa-esparru egonkorra, nahikoa, bermatua, aurreikusgarria eta sendoa behar du euskal eremuko eta gizarte-onura aitortua duten sare eta erakunde sozialentzat.
Gainera, lankidetza publiko-sozialeko eredu egonkor bat definitu behar da, herrialdearen finantzaketa-eredu publiko eta garden bat barne hartuko duena. Eredu horrek irizpide bateratuak izan behar ditu eta hiru lurraldeen artean partekatua izan, erantzukizun publikoko zerbitzuen kasuan.
“Aldaketa eraikiz” leloak Euskadi inklusiboagoa, parte-hartzaileagoa eta solidarioagoa eraikitzeko gure etengabeko konpromisoa sinbolizatzen du. Gure ekintzak aniztasunarekiko errespetua sustatzen du, inolako diskriminaziorik gabeko euskal gizarte batean inklusioaren eta bizikidetzaren alde.