Lehendakariak inauguratu du 1205ko kanpainaren ekitaldi nagusia
Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialak astelehen honetan, maiatzaren 14an, egin du “zoragarria da partaide izatea” kanpainaren ekitaldi nagusia 1205-Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren (EHSS) Egunaren baitan.
Iñigo Urkullu Lehendakariak inauguratu zuen Donostiako Kursaalen berrehun lagun baino gehiagoaren aurrean egindako ekitaldia. Barrutia bete zuten agintariek, eta sektore sozialetako sareetako eta erakundeetako ordezkariek.
Sareen Sarea elkarteko presidenteak, Pablo Gonzálezek, bertaratutakoei ongietorria eman zien kanpainaren iragarkia ikusi ondoren. EHSSko erakundeekin lotutako honako hau azpimarratu nahi izan zuen: “euskal gizartetik sortu ginen eta haren partaide gara modu bereizezinean. Pertsonak dira gure misioaren ardatza; pertsonak dira gure esku-hartzearen erdigunea, eta pertsonak, familiak, kolektiboak eta komunitateak dira gure oinarri soziala osatzen, gure erakundeen barneko bizitza aberasten, parte hartzen, erabakiak hartzen eta hirugarren sektore sozialaren nortasuna osatzen dutenak”.
Euskadiko Gizarteratze eta Enplegu arloko gizarte-zerbitzuak osatzen historikoki HSSk egin duen ekarpen historikoa gogorarazi zuen Gonzálezek. “Herritarren partaidetzari bidea eman diogu gure erakundeen bidez, konpromisoa eta elkartasuna oinarritzat hartuta, une bakoitzean asebete gabe dauden behar sozialei eta kezkei erantzuteko. Behar zehatzei erantzun zehatzak emanez eta, era berean, ekimen publikoarekin elkarlanean eskubideak eskatuz eta eraikiz”.
Bizi dugun garai-aldaketak erantzun berriak eskatuko dituzten behar berriak dakartzala nabarmendu zuen: “erronka berriak hirugarren sektore sozialerako”, ohartarazi zuen.
Horren aurrean, honelako euskal gizartearen aldeko konfiantza agertu zuen: “aktiboa, bizitzaz betetakoa, parte hartzeko, kalea bere egiteko, hitza hartzeko eta, errespetua, zeharkakotasuna eta komunikatzeko eta deialdiak egiteko modu berrien esperimentazioa oinarritzat hartuta, pertsonen berdintasuna, duintasuna eta eskubideak defendatzeko asmo irmoa duena. Horren adibide argiak dira Emakumearen Nazioarteko Eguna zela eta martxoaren 8an emakumezkoek eta mugimendu feministak deitutako eta egindako mobilizazio masiboak”. Horrekin lotuta, Sareen Sareak zoriontzeko eta aitortzeko mezu berezia bidali nahi izan zien.
Euskadiko Elkarrizketa Zibilaren Mahaiaren presidentea ere badenak erakunde publikoekin elkarrizketa zibila bultzatzen jarraitzeko beharraren aldeko apustua egin zuen. Hala, EHSSren Legea eta duela gutxi onartu duten EHSS Bultzatzeko Estrategia garatzen jarraitu nahi dute. Estrategia horren baitan aurrez ikusitako jarduerekin lotuta, honako hau onartzeko beharra nabarmendu zuen: “hitzarmeneko (soziala) dekretua eta erregimena, esku-hartze sozialaren esparruan erantzukizun publikoko zerbitzuak hornitzeko garaian sektore publikoaren eta ekimen sozialeko erakundeen arteko lankidetzan aurrera egiteko funtsezko elementua”. Horri lotuta dago, era berean, Hirugarren Sektore Sozialaren Euskadiko Behatokia.
Eredu publikoa eta soziala
Bestalde, Lehendakariak Sareen Sareak eta EHSSk egindako lana eta “ardatz nagusia pertsona duen gizarte bidezkoagoa lortzeko zutabeak sendotzen dituen” lankidetza “publikoa eta soziala” izateko beharra nabarmendu zuen.
Gizarte aurreratua eraikitzeko gakoak balio hauek direla nabarmendu zuen Urkulluk: “kohesioa, elkartasuna, aukera-berdintasuna, garapen ekonomiko eta sozial orekatua, gizakiaren garapena eta hazkunde jasangarria”. Lehendakariaren iritziz, printzipio eta balio horiek “HSSko 3.500 erakunde baino gehiagotan lan egiten duten pertsona horiek egunero defendatzen duten konpromisoaren baitan daude”.
Lehendakariaz gain, ekitaldian izan ziren Eusko Legebiltzarreko presidentea, Bakartxo Tejeria; Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua, Beatriz Artolazabal; Donostiako alkatea, Eneko Goia; eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gizarte-politikako foru-diputatuak, Marian Olabarrieta, Isabel Sánchez Robles eta Maite Peña, hurrenez hurren. Halaber, jardunaldian izan ziren hiru lurraldeetan batzar nagusietako ordezkariak eta legebiltzarkide hauek: EAJko Jon Aiartza, EH Bilduko Nerea Kortajarena eta Elkarrekin Podemoseko Tinixara Guanche eta Jon Hernández. Era berean, ekitaldian izan ziren Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeko presidentea, Javier Huidrobo; Hirugarren Sektorearen Plataformako presidentea, Luciano Poyato; eta Konfekoopeko (Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa) ordezkariak.
Gizarte aurreratua eraikitzeko gakoak balio hauek direla nabarmendu zuen Urkulluk: “kohesioa, elkartasuna, aukera-berdintasuna, garapen ekonomiko eta sozial orekatua, gizakiaren garapena eta hazkunde jasangarria”. Lehendakariaren iritziz, printzipio eta balio horiek “HSSko 3.500 erakunde baino gehiagotan lan egiten duten pertsona horiek egunero defendatzen duten konpromisoaren baitan daude”.
Aitorpena Sabin Ipiñari
Ekitaldiko une hunkigarriena Sareen Saria 2018 Sabin Ipiñari (2017an hil zen) entregatu ziotenekoa izan zen. Sabin Ipiña Euskadiko adinekoen federazioko presidenteorde ohia zen eta omenaldia egin zioten jendaurrean honako honekin lotuta: “bizitzan izandako ibilbidea eta gizarte kohesionatuaren, inklusiboaren, solidarioaren eta parte-hartzailearen mesedetan agertutako konpromisoa. Gizarte zibila indartzeko eta asoziazionismoa bultzatzeko eta egituratzeko ekimenen bultzatzaile emankorra izan zen eta hori guztia etengabekoa, eskuzabala eta besteei zerbitzua eskaintzera bideratuta zegoen lanaren bidez egin zuen, hirugarren sektore sozialaren balioak bere eginda”.
Ondoren, EHSSren etorkizuneko erronkak landu zituzten honako hauen artean egindako mahai-inguruan: María Cristina de la Cruz, filosofoa eta Deustuko Unibertsitateko irakaslea; Idoia Fernández, EHUko Berrikuntzako, Konpromiso Sozialeko eta Kultur Ekintzako errektoreordea; María Silvestre, soziologoa eta Deustuko Unibertsitateko irakaslea; eta Manuel Merino, EHSSko erakunde eta sareetan ibilbide luzea duena (Sareen Sarearen osaera barne).
Gurutze Beitiak gidatutako jardunaldia amaitzeko, puzzle erraldoi bat muntatu zuten. Haren piezak aldez aurretik prestatu zituzten partaidetza-jardunaldian Sareen Sareko kide diren sare horietako bakoitzeko oinarri sozialeko pertsonek. Hala, haietako bakoitzak erakusten duen aniztasuna sareen sarearen, gure herrialdeko hirugarren sektore sozialaren eta “zoragarria da partaide izatea” leloaren arteko batasunean elkartzen zen.