Lehendakaritzaren eskutik eta Euskalitekin lankidetzan

Lehendakaritzaren eskutik eta Euskalitekin lankidetzan, Sareen Sareak ikaskuntza-saioen ziklo berri bat abiarazi du, 2030 Agenda garatzeko gida Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeetara (EHSS) hurbiltzen jarraitzeko. Prozesu horren bidez, jarraipena eman nahi diogu 2024an hasi genuen proiektuari, sektoreko sareen eta erakundeen kudeaketan Garapen Jasangarriko Helburuen (GJH) txertatzea indartzeko.

Proiekltuaren aurrekariak

2023an, Guneak espazioaren baitan eta Lehendakaritzako Trantsizio Sozialeko eta 2030 Agendako Idazkaritza Nagusiarekin lankidetzan, GJHen aldeko Euskal Aliantza sortu zen, eta, horren ondorioz, “2030 Agenda 2030 Euskadi Kontratu Sozial baterako Adierazpena” egin zen. Adierazpen horrekin bat egin genuen, eta 2024an hainbat jarduera antolatu genituen Sareen Sarearen eta haren sareen lana Lehendakaritzaren GJH Estrategiarekin lerrokatzeko, abiapuntuko egoera ebaluatzeko eta ekintza-plan espezifikoak bultzatzeko. 2025erako aurreikusitako saioek aukera emango digute ibilbide partekatu honetan beste urrats bat emateko.

2025eko ikaskuntza-saioak

Joan den apirilaren 7an online egindako lehen saio batekin hasi da ziklo berria, EHSSko sareei proiektu berri hau aurkezteko. Saio horren ondoren, maiatzaren 7an, GJHen autodiagnostiko tresnari buruzko saio monografiko bat egin genuen Euskalitekin. Erakundeek euren autodiagnostikoa egin ondoren, honako saio hauek egingo ditugu:

  • Ekaineko saioa: “GJHen lotura, estrategia eta adierazleak”. Aurrez aurreko talde-saioa sare eta erakunde traktoreekin ekainaren 23an. 
  • Iraileko Saioa: “Jardunbide egokien mapaketa”. Talde-saio presentziala irailaren 23an.
  • Urriko saioa: “Aurrez aurreko ekitaldia Kudeaketa Aurreratuaren Europako Astean”. Zehazteke dagoen egun batean egingo da, urriaren 8tik 22ra bitartean.

Proiektuaren helburuak 

Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialean GJHen eta 2030 Agendaren garapena indartzen jarraitzea da proiektuaren xede nagusia. Saio hauen bidez, Sareen Sareak eta Euskalitek honako helburu zehatz hauek bilatzen ditugu:

  • Sareei autoebaluazioan laguntzea eta hobetzeko aukerak identifikatzea.

  • Sektorearentzat bultzada eta erreferentzia izango diren jardunbide egokiak identifikatzea eta partekatzea.

  • Lan hori Eusko Jaurlaritzaren GJH Estrategiarekin lotzea, beste jarduera-sektore batzuekin sinergiak sortuz.

Proiektu horri esker, aurrera egin dezakegu GJHak Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren barneko eta kanpoko ekintzetan benetan eta eraginkortasunez ezartzeko bidean.