Borja Dovalek Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren balioa azpimarratu du, baina ez du ahaztu sistema hori ez dela iristen behar duten pertsona guztiengana
Borja Doval Sareen Sareako presidenteak Euskadin gizarteratzeko eta diru-sarrerak bermatzeko behar berriei buruzko mahai-inguruan parte hartu du.
Jardunaldia Bilbon egin da, eta Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak egin du irekierako hitzaldia. Mendiak nabarmendu duenez, “Enpleguarekin bakarik ez da gizarteratzea bermatzen eta, aberastasuna sortzeaz gain, komunitatea eraikiko duen kalitatezko enpleguaren alde lan egin behar da”.
Sareen Sarearen parte-hartzea eguerdian iritsi da, “Euskadin gizarteratzeko eta diru-sarrerak bermatzeko behar berriak” mahai-inguruan. Mahai horren moderatzailea María Silvestre izan da, Deustuko Unibertsitateko soziologia irakaslea. Bertan izan dira Borja Doval (Sareen Sarea), Ana Sofi Telletxea (Caritas Bizkaia), Javier Ramos (Lanbide) eta Sara Buesa (Gasteizko Udala). Parte hartzaileek azken hilabeteetan pobreziaren eta bazterketaren arloan agerian geratu diren behar berriei buruz hitz egiteko aukera izan dute.
Borja Dovalek Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren balioa azpimarratu du, baina ez du ahaztu sistema hori ez dela iristen behar duten pertsona guztiengana. Era berean, eskubide bikoitza dela gogorarazi du: diru-sarrerak bermatzeko, baina baita behar duten pertsonak gizarteratzeko ere, eta hori ez dela behar bezala garatu. “Ulertu behar dugu gizarteratzea ez dela laneratzera mugatzen”, azaldu du Sareen Sareako presidenteak.
Sareen Sareak bere prestutasuna eskaini du Euskadiko Hirugarren Sektore Sozial gisa sistemaren gobernantzan (diseinua, jarraipena eta ebaluazioa) parte hartzeko; bai eta modu aktiboan parte hartzeko ere beharrezkoa den proiektu, plan, lege eta abarrei buruzko eztabaidan, elkarrizketa zibilaren bidez. Esperientziak erakutsi du koordinazio, lankidetza eta lan esparru partekatuetatik Administrazio Publikoak eta Hirugarren Sektore Sozialak funtsezko lana egiten dutela gure gizartearentzat. “Sistema izendatu aurretik egon ginen. Gaur ere gaude eta gure presentzia beharrezkoa den guztietan egongo gara, pertsona ahulenen egoera zaindu, lagundu, artatu, sendatu, orientatu, prestatu edo prebenitzeko”, adierazi du Borja Dovalek.