Arauek Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren ekarpenak dituzte
Otsailaren 15ean, Eusko Legebiltzarrak legegintzaldiko azken hiru arauak onartu zituen: Haurren eta Nerabeen Legea; Lankidetzarako eta Elkartasunerako Legea; eta 4/2024 Legea, (“trans legea” bezala ezaguna), transgeneroen eskubideak berritzen dituena. Garrantzi sozial handiko hiru arau dira, eta lehenengo biek Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren ekarpen esanguratsuak dituzte.
Haurrentzako babes eta autonomia handiagoa
Sareen Sareak oso positibotzat jotzen du Haurren eta Nerabeen Legea onartu izana. Adingabeen babes sozial eta juridikoan aurrerapen nabarmenak sartzen dituen araua da eta euren autonomia sustatuko du subjektu aktibo gisa.
Sareen Sarearen Haurren, Nerabeen eta Gazteen Eskubideen Batzordeak, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko sareek eta erakundeek osatua, 100 proposamen baino gehiago egin dizkio Legeari. Lege hau onartzea mugarri berria da; izan ere, haurren eta nerabeen parte-hartzea bultzatuko du, babes-mekanismoak hobetuko ditu, ingurune seguruak sustatuko ditu eta Euskadiko adingabeentzako estaldura eta prestazio handiagoak bermatuko ditu.
Legeak adostasun politiko zabala izan du, eta haurrak eta nerabeak eskubide osoko subjektutzat hartzen ditu, politiken erdigunean jarriz, zeharkako eta erakundeen arteko ikuspegiarekin. Haurren eta nerabeen interes gorenaren nagusitasuna azpimarratzen da horrekin lotutako erabaki guztietan, eta parte hartzeko eskubidea sustatzen da, garapenerako funtsezko printzipio gisa. Legeak azken urteetan landutako hainbat alderdi biltzen ditu, hala nola haurren eta nerabeen sustapena; jarraipen eta eragin txostenak egiteko derrigortasuna; eta legearen osotasuna zein zeharkakotasuna, Euskadiko adingabeen eskubideak babesteko eta bermatzeko erantzukizun kolektibo eta koordinatua bermatuz.
Lankidetzarako eta Elkartasunerako Legea
Gizarte eta politika arloan garrantzi handia izan duen beste lege bat Lankidetzarako eta Elkartasunerako Legea izan da. Sareen Sareko kide den Euskadiko GGKEen Koordinakundearen arabera, arau berri honek erakusten du beharrezkoa dela aurrera egitea Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuaren %0,7 lankidetza-politiketara bideratzearen helburu historikoan. Lege horrek Euskadiko nazioarteko lankidetza-egitasmoei garrantzi politika eta soziala handiagoa ematea aintzat hartzen dute koordinakundetik, baita GGKE-en ibilbidea aitortzea ere politika horien bultzatzaileak direlako.
Era berean, Eusko Jaurlaritzak egindako ahalegina aitortu dute, bi urtez iraun duen lantze-prozesua parte-hartzailea izateko. Hala ere, GGKEen Koordinakundeak kezka agertu du Legearen zenbait alderdiren aurrean; esaterako, aurrekontuaren konpromisoa bakarrik ez duela ziurtatzen hori automatikoki betetzea. “Tentuz jokatu nahi dugu, Eusko Jaurlaritzak sistematikoki bete ez duelako aurreko 2007ko legea”, gogorarazi du Euskadiko GGKEen Koordinakundeak.
Koordinakundetik adierazi dutenez, “lege marko hau aurrean ditugun lehenengo pausua baino ez izatea espero dugu, politika hau egonkortzeko eta erronka berriei aurre egiteko”.
Lankidetzaren eta Elkartasunaren Legeari buruzko balorazioa zehatzago ezagutzeko, haren webgunea bisitatu dezakezu.